Itxi

Futbola

ZOZKETA

Athletic, Eibar, Osasuna eta Reala, Kopako aurkarien zain

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zozketa ostiral honetan egingo da, 12:30ean, eta Superkopan arituko diren lau taldeak ere arituko dira bertan.

  • Errege Kopako logotipoa

    Errege Kopako logotipoa. Argazkia: RFEF

Errege Kopako final-hamaseirenetako zozketa ostiral honetan, abenduaren 17an, egingo da Espainiako Futbol Federazioaren egoitzan, 12:30etik aurrera, ateak itxita, "pandemiaren bilakaera txarra dela eta".

Bertan izango dira lehen aldiz Superkopa jokatuko duten lau taldeak, hau da, Athletic Club, Atletico Madril, Bartzelona eta Real Madril. Hala, Lehen Mailako 16 talde, Bigarren Mailako 11, RFEFko Lehen Mailako 4 eta RFEFko Bigarren Mailako 1 egongo dira aurkariaren zain; 32, guztira.

Lehen Mailako talde horien artean ez da Getafe egongo, Atletico Balearesen aurka jipoia jaso baitzuen atzo (5-0), ezta Levante, Alaves eta Granada ere. Azken horrek Atletico Mancha Realen aurka galdu zuen (1-0), eta, hartara, RFEFko Bigarren Mailako taldeak bermatuta dauka Athletic, Atletico, Bartzelona edo Real Madrilen aurka jarduteko aukera hurrengo kanporaketan.

Lau klub horiek Superkopan parte hartzeagatik sartuko dira final-hamaseirenetako txanda honetan, eta guztiak parekatuko dira RFEFko Lehen Mailako taldeekin, Mancha Realen kontra arituko dena izan ezik.

Kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira, maila txikieneko taldearen zelaian, 2022ko urtarrilaren 5ean.

FINAL-HAMASEIRENETARA SAILKATUTAKO TALDEAK:

LEHEN MAILAKOAK: Athletic, Atletico Madril, Bartzelona, Betis, Cadiz, Celta, Elx, Espanyol, Mallorca, Osasuna, Rayo Vallecano, Real Madril, Real Sociedad, Sevilla, Valentzia eta Vila-real.

BIGARREN MAILAKOAK: Almeria, Cartagena, Eibar, Fuenlabrada, Girona, Leganes, Mirandes, Ponferradina, Sporting, Valladolid eta Zaragoza.

RFEF-KO LEHEN MAILAKOAK: Alcoyano, Atletico Baleares, Linares eta Rayo Majadahonda.

RFEF-KO BIGARREN MAILAKOAK: Atletico Mancha Real.