Publizitatea
Itxi

2016/01/11

18:24

Donostia 2016

Balleta Kursaalean

Euskadiko Orkestrak “Ederra eta piztia” eskainiko du otsailean

Agentziak | Erredakzioa

Malandain Ballet Biarritzekin batera prestatu dute dantza ikuskizuna. Thierry Malandain koreografoak Txaikovskiren musika erabili du La belle et la Bete ipuinaren adierazpen berria prestatzeko.

  • Artxiboko irudia: Biarritzeko Malandain Balleta.

    Miyuki Kanei eta Frederik Deberdt dantzariak. Artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) eta Biarritzeko Malandain Balletak  “Ederra eta piztia” dantza ikuskizuna prestatu dute, La belle et la Bete ipuin klasikoaren moldaketa berri bat. Donostiako Kursaalen taularatuko dute otsailaren 3an eta 4an, eta honakoa hilabete osoan egongo diren ekitaldien adibide bat besterik ez da. Izan ere, Donostia 2016k kultur jarduera ugari prestatu ditu urte osoan zehar.

Ainars Rubikis-en zuzendaritzapean, Thierry Malandain-ek Txaikovskiren bosgarren eta seigarren sinfonietako pasarteak erabili ditu koreografia prestatzeko. Otsailean eskainiko duten ballet neoklasiko honek ez du zerikusirik orain arte egin diren beste interpretazioekin, eta soilik Jean Cocteauk egindako irakurketaren ildo nagusiak jarraitu ditu.

Kasu honetan izatearen dualtasunean oinarritzen da dantza ikuskizuna, edertasunaren eta itsustasunaren inguruan dagoen gatazkari erreparatuz. Gauzak horrela, Ederrak gizakiaren arima islatzen du, eta Piztiak, aldiz, bizi indarra eta senak ordezkatzen ditu, Malandain-ek idatzitako kontzeptu-oharrak jasotzen duen bezala.

Bestalde, hilaren 20an “Altzoko handia” haurrentzako operaren estreinaldia izango da Donostian. Erraldoitasunak eragindako gizonezko bat izan zen Migel Joakin Elizegi, eta XIX. mendearen erdialdean ezagun egin zen Europa osoan. Operak, musikak eta txotxongiloek bat egiten dute lan horretan.

Halaber, otsailaren 21ean, Musikeneko Orkestra Sinfonikoak “Schreiben” lanaren emanaldia eskainiko du. Kontzertua doakoa izango da, eta Helmut Lachenmannen lana ezagutzera ematea du helburu.

Hausnarketa

Abenduaren 2tik 13ra bitartean, XXI. mendeko erronka nagusiei aurre egiteko asmoz, mahai-inguruak eta hitzaldiak prestatu dituzte. Era berean, “EUSkarriak” izeneko proiektuak Europako errealitate linguistikoaren eta euskararen inguruan hausnarketak bideratuko ditu. Gainera, hiri osoan ikusiko dira ondorioztatutako ideia horiek guztiak, gutxien espero dugun moduetan.

Donostia 2016ren balioak gogora ekarriz, hamaika gaztek bizi nahi duten etorkizunaren inguruko hausnarketa egiteko aukera izango dute. Bertan jasotzen diren ideia guztiak aztertu ostean, erantzun bakarra aurkeztuko dute, artelan batean islatuko dena. Ekimenaren helburu nagusia beren ingurunean bizikidetza sustatzea da.

Musika

Bill Ryder Jones abeslari ingelesaren eta Perlak euskal taldearen jarraitzaileek data garrantzitsu bat dute datorren otsailaren 7an, Zorroagoko elizan. Kontzertu horiek “Music Box” jaialdiaren parte izango dira.

Erakusketak

Hiesaren krisia”-ren inguruko praktika estetiko eta performatiboak eta esperientzia kolektiboak kartografiatzea du xede, 80ko hamarkadatik gaur egun arte. Denbora horretan ekoiztutako materiala apirilean aurkeztuko dute, Tabakaleran egingo den erakusketa batean.

Halaber, “Tira-birak” erakusketak gure gizartea modu satirikoan islatu duten binetak biltzen ditu. Kasu honetan, 70eko hamarkadaren amaieratik gaur arte izandako bilakaera islatuko da egunkarietako bineten eta tiren bitartez.

Gastronomia

Time Machine Soup” jardunaldiari esker bertaratutakoek Europako historia hobeto ezagutzeko aukera izango dute zoparen bitartez. Tabakaleran izango da, otsailaren 11n, 12an, 13an, 19an, 20an eta 21ean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;