Publizitatea
Itxi

2016/05/17

10:42

Donostia 2016

Udan

Shakespearek eta ‘Uda-gau bateko ametsa’k Donostia liluratuko dute

EITB.EUS

Uda-gau bateko ametsa egunero antzeztuko da, ekainaren 21etik uztailaren 24ra bitartean, astelehenetan izan ezik. Gainera, publikoak ere parte hartuko du.

  • Uda gau bateko ametsa. Argazkia: DSS2016

    Uda gau bateko ametsa. Argazkia: DSS2016

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ikuskizun hau Donostia 2016ren programazioko egitasmo berezienetako bat da, Kristina Eneko basoa, gastronomia, udako solstizioaren xarma eta Shakespearek komediarako duen talentua elkartzen dituelako.

Ekainaren 21etik uztailaren 24ra, egunero, astelehenetan izan ezik, Gipuzkoako hiriburuko parkerik ezagunenak, antzerki hutsetik harago, ikuskizun paregabe bat eskainiko du, eta magiak eta fantasiak indarrak batuko dituzte diziplina artistiko desberdinekin.

Donostia 2016 Fundazioak eta Tanttaka Teatroak ekoitzi dute ikuskizun hau, eta gauero eskainiko da 250 ikuslerentzat. Lanaren 30 emanaldi izango dira, 10 euskaraz eta 20 gaztelaniaz. Aldi berean, ingelesaren eta frantsesaren presentzia bermatuta egongo da, lana atzerriko publikoari ere eskaintzeko.

Ikuskizuna 21:00etan hasiko da, eta ikusleek publiko huts izateari utziko diote orduan, Hermia eta Demetrioren ezteietako gonbidatu bihurtzeko. Bakoitza bere aulkian eseriko da, oturantzari ekingo diote, eta lanaren lehen agerraldiez gozatuko dute bitartean.

Bost ekitalditan banatuta dago lana, eta parkeko leku desberdinetan gertatuko da. Kriseilu bana eskuetan hartuta, baso magikoan barneratuko dira, eta tramaren hari nagusiari jarraituko diote. Aire zabalean eta parke batean egingo den ikuskizuna izanik, oinetako erosoak eramatea aholkatzen da.

Artista-zerrenda

Fernando Bernuesek eta Iñaki Rikartek 80 pertsonatik gorako talde bat zuzenduko dute gauero. Alberto Huici zuzendaritzaren laguntzailea da; Iñaki Salvador musikaria, musika-zuzendaritzaren buru, eta Jon Mayak koreografia berezia prestatu du zortzi dantzariko talde batentzat. Ikerne Jimenez eszenografiaren, jantzien eta karakterizazioaren arduraduna da; Tytti Thusberg, jantziak prestatzen dituen lantaldearen zuzendaria, eta David Alcorta eta Xabi Lozano, argien arduradunak. Hari-laukote batek eta Easo Abesbatzak girotuko ditu Kristina Eneko gauak.

Ikuskizun honetako antzezleak, berriz, hauek dira: Isidoro Fernandez, Ane Gabarain, Gorka Otxoa, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Vito Rogado, Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Jose Ramon Soroiz, Mikel Laskurain, Ramon Agirre, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Amakay Gaztañaga, Itziar Urretabizkaia, Ainara Ortega, Itziar Atienza eta Joseba Apaolaza.

Horiez gain, Ana Perezen koordinaziopean, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko ikasle talde batek ere hartuko du parte.

Afaria

Luisa Lopez Telleriak diseinatutako banketean parte hartuko dute ikusleek, ikuskizunaren lehen eszenan, hain zuzen ere, jaki ederrak eta Beronia ardandegiko ardoa dastatzen dituzten bitartean gozatuko baitute antzezlanaren lehen ahapaldiez.

Sarrerak

Sarrerak salgai daude jada dss2016.eu eta ticket.kutxabank.es webguneetan. Alderdi Ederreko InfoPointen ere eros daitezke. Publiko orokorrarentzako prezioa 30 eurokoa da aurresalmentan (15, 24 eta 27 eurokoa, deskontuarekin, langabeek, 16 urtetik beherakoek…), eta 40 eurokoa, lehiatilan.

Ikuskizuna aire zabalean izango denez, ezingo da euri-egunetan egin, eta euria eginez gero, dirua itzuliko da. Euria dela-eta emanaldia bertan behera geratuz gero, saioaren egun berean jakinaraziko da, 19:00etan, dss2016.eu webgunean eta 900 840 251 zenbakiaren bitartez.

Ikuskizuna hasi ondoren, ezingo da bertara sartu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;