Fagor -

Krisia Fagorren

Mondragonek baztertu egin du Edesako langileen bideragarritasun plana

Korporazioaren hitzetan, jardueren errentagarritasuna nekez mantendu daiteke denboran zehar.

Edesa
Edesa
Mondragon taldeak ez du onartu Edesako bideragarritasun plana

0:49

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mondragon Korporazioak baztertu egin du Edesako langileek aurkeztutako bideragarritasun plana, korporazioaren hitzetan, jardueren errentagarritasuna nekez mantendu daitekeelako denboran zehar.

Ohar batean azaldu duenez, Basauriko (Bizkaia) eta Bergarako (Gipuzkoa) lantegietatik Fagor Etxetresnakeko Konfort negozioen inguruko bideragarritasun proiektu bana jaso dute, eta biak aztertu eta landu dituzte. ''Planaren azterketan oinarrituta, negozioaren errentagarritasuna nekez mantendu ahal izango da ingurune sektorial lehiakor horretan, eta ezin dakioke aurre egin planteatu den moduan'', Mondragonen hitzetan.

Basauriko eta Bergarako lantegiei eusteko bideragarritasun planak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso zuen. Hasierako inbertsio gisa 20 milioi euro behar zituzten, langileek emandako datuen arabera, eta bi aldundiak proposamena ekonomikoki babesteko prest agertu dira. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, bere jarrera argitzea eskatu izan dio Mondragon taldeari, eta ostiral honetan eman du jakitera korporazioak bere erabakia.

Mondragonek ohar horretan azaldu duenez, IBR Independent Business Review kanpoko eragile independenteak egin du planaren azterketa, korporazioak berak hala eskatuta. Txostenaren arabera, sustatzaileek aurkeztu duten planak ''zalantzak'' planteatzen ditu epe ertainera eta luzera, bideragarritasunari eusteari dagokionez.

''Beharrezko indargune lehiakorra bermatzeko zailtasuna adierazten du txostenak, ziurgabetasuna azaltzen baita salmenten, prezioen eta kostuen murrizketa mailari buruzko helburuekiko. Gainera, gakoak diren kanpo baldintzak sustatzaileen erabaki eremutik at daude'', gaineratu du taldeak, ohar horretan. Arrazoiak ere zehaztu ditu: ''Sektorea oso-oso lehiakorra dela, kontzentrazio maila handi dagoela, eta estatuko merkatua erabat ahulduta eta oso baldintzatuta dagoela, bilakaera teknologikoagatik, kostuen efizientziagatik eta merkatuaren exijentziengatik, produktuei eta fabrikazio prozesuei dagokienez''.

Hala, ''planaren azterketan oinarrituta, negozioaren errentagarritasuna nekez mantendu ahal izango da ingurune sektorial lehiakor horretan, eta ezin dakioke aurre egin planteatu den moduan'', korporazioaren iritziz.

Halaber, bere ustetan, sektorean lehiakorra izateko beharrezkoa da enpresa talde handi babesa izatea, eskariaren eta jardueraren maila jakin bat mantentzeko, eta merkatuan lidergoa izateko.

Edesako langile bat: "Berri oso txarra da, baina alde batetik espero genuen"

Edesa lantegiaren bideragarritasun planean ez parte hartzeko Mondragon Korporazioaren erabakia tristuraz hartu dute langileek, baina dagoeneko itxaropen gutxi zuten enpresa hondotik ateratzeko planak emaitza ematean.

"Berri oso txarra da, baina alde batetik espero genuen", azaldu du langileetako batek Mondragon Korporazioaren erabakia jakin ostean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Fagor kooperatiba Mondragon korporazioa albisteak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea