Fagor -
Plana ezeztuta
Edesako langileek enpleguekin konpromisoa hartzeko eskatu diote MCCri
Gainera, gizarteak, bezeroek, hornitzaileek eta zenbait erakundek, esaterako Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak, emandako babesa eskertu dute.
Bideragarritasun plana bultzatu zuten Edesako langileek (Bizkaiko lantegikoak) amaitutzat eman dute prozesua, MCCk planari ezezkoa eman ostean, eta enpleguekin 'zalantzarik gabe' konpromisoa hartzeko eskatu diote MCCri.
MCCk atzo, ostirala, jakinarazi zuen ez zuela bideragarritasun plana onartuko; Edesako langile talde batek egin zuen proiektua, Basauriko eta Bergarako lantegiak salbatzeko.
Bizkaiko plantako langile taldeak prentsaurreko batean esan duenez, "proiektua egiteko finantziazioa lortu ez denez, ibilbide hau amaitutzat ematea beste aukerarik ez dugu".
Beharginak txalo artean heldu dira prentsaurreko eman duten lekura. Nabarmendu dutenaren arabera, "erretiro adinetik gertu dauden langileak bereziki zaindu beharko dira".
Langileek gizarteak, bezeroek, hornitzaileek eta zenbait erakundek, esaterako Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak, emandako babesa eskertu dute. Diputaziook diruz laguntzeko prestutasuna agertu zuten.
MCCk plana ezeztu arren, langileek baieztatu egin dute planak lehenengo urteetan errentagarritasun nahikoa "bermatzen" zuela eta, horrela, "etorkizunerako oinarri sendo bat ahalbidetuko" luke.
Euren iritzian, "ezinezkoa da zalantzarik gabeko proiektu bat aurkeztea, are gutxiago egungo egoera" ekonomikoan.
'Esperantza faltsurik ez'
Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuaren esanetan, "esperantza faltsuak ez emateko garaia da", MCCk Edesako langileek aurkeztutako bideragarritasun planari emandako ezezkoaren inguruan.
Edesako "langileak eta MMC elkarrekin lanean" izan direla nabarmendu ostean, "errespetu osoa" adierazi nahi izan du prozesuaren inguruan. "Nahiz eta presioak izan, erabakiak zuhurtasunez, zorroztasunez baina tentuz eta lasai hartu dituzte", gaineratu du, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Halaber, Tapiaren esanetan, bideragarritasun "plana aurreplan bat zen, hainbat gauza zalantzan zeuden. Patenteak, markak... zelan kudeatu ez zegoen argi, zenbait gauza zehaztu gabe zegoen".