Krisi Ekonomikoa -
Neurriak
Murrizketa gehiago iragarri ditu Portugalgo Gobernuak
30.000 funtzionario kendu, erretiroa hartzeko adina atzeratu eta administrazioko langileen lanaldia 35 orduetatik 40ra luzatuko dutela azaldu du Passos Coelhok.
Erredakzioa
Portugalek murrizketa gehiago iragarri ditu gaur. 30.000 funtzionario kendu, pentsioen sistema murriztu, erretiroa hartzeko adina urte bat atzeratu eta administrazioko langileen lanaldia 35 orduetatik 40ra luzatuko dute.
2015era arte 4.800 milioi aurreztea espero du Pedro Passos Coelho Portugaleko lehen ministroak, Estatua jasangarriago egiteko eta finantza erreskatearen konpromisoak betetzeko.
Enpresaburuekin, oposizioarekin eta sindikatuekin "elkarrizketa" izateko prest azaldu da buruzagi kontserbadorea, baina Portugalek aurrekontuetan diru kopuru hori aurreztea lortzen ez badu "porrotaren atarian" egongo dela ohartarazi du. Eurogunetik ateratzeko arriskua dagoela erantsi du.
Portugalek defizit handiegia du oraindik (% 6,6) eta zorpetze publikoaren arazoa ez du konpondu (BPGaren % 120 baino gehiago), lehen ministroak gogorarazi duenez. Krisi ekonomikoa gainditzeko eta hazkundea eta lanpostuak sortzeko gastu publikoan murriztea "erabakigarria" dela uste du Passos Coelhok.
Esfortzuak
Herritarrei eskatutako esfortzuak gogorrak direla onartu du agintariak. "Merezi duen" galdetzen dutenei, "orain hutsegitea sakrifizioak alferrik galtzea" izango litzatekela erantzu die.
Passos Coelhoren hitzetan, Estatua onbideratzeko gastu publikoa murriztu behar da. Zergak igoko ez dituztela esan du lehen ministroak, ekonomiari kalte egingo lioketelako.
Alderdi Sozialistak (PS) murrizketak arbuiatu ditu. Neurri "penagarriak" direla adierazi du Antonio Jose Seguro PSko idazkari nagusiak. "Tragediaren parte" direla gaineratu du Segurok.