Ekonomia -
Ez dute zaldi haragirik
Eroskiren produktuen etiketak zuzenak direla berretsi du Jaurlaritzak
Kontsumobidek egiaztatu egin du Eroski hanburgesetan ez dagoela zaldi haragirik.
Erredakzioa
Eroski eta Ercoreca supermerkatuen produktuetako etiketak "zuzenak" direla ebatzi du Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo Institutuak (Kontsumobide), ez baitute zaldi haragirik atzeman behi hanburgesetan.
Belen Greaves erakunde horretako zuzendariak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean, PSE-EEk eskatuta. Hain zuzen ere, produktuen etiketak zuzenak oten diren egiaztatzeko Kontsumobidek emandako pausoak azaltzea zuen helburu.
Urtarrilean, Eroskiren behi hanburgesetan zaldi haragi arrastoak atzeman zituela jakinarazi zuen Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak (OCU). Eroskik merkatutik kendu zituen, badaezpada, baina ondoren hanburgesek ez zutela zaldi haragirik egiaztatu zuen.
Gainera, Jaurlaritzak artxibatu egin zuen OCUren salaketa, ez zietelako igorri analisia egiteko erabilitako laginak.
Hanburgesa horietan zaldi haragia atzeman izan balute ere, herritarren osasuna ez zen arriskuan egongo, haragi hori ez baita kaltegarria. Dena dela, iruzurra izango zen, etiketan behi haragia zela jarri zutelako.
Greavesek Legebiltzarrean azaldu duenez, Kontsumobidek bederatzi lagin (Eroskiko bost, Ecorecako hiru eta Super Amarako bat) igorri ditu Espainiako Kontsumo Institutura, etiketak zuzenak ote diren zehazteko. Horietako bost aztertu eta gero (Eroskiko bi eta Ercorecako hiru), zaldi haragirik ez dutela egiaztatu dute.