Ekonomia -
Ia 300 egun greban
'Inplikazioa' eskatu diote Incoesako langileek Eusko Jaurlaritzari
Langileek egunero elkarretaratzea egingo dute Jaurlaritzako egoitzaren aurrean, Bilbon. Lana erregulatzeko txostenaren kontsulten epe "faltsua" akordiorik gabe amaitu dela salatu dute langileek.
Erredakzioa
Incoesako langileek egunero elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean, Bilbon, Exekutiboaren "inplikazioa" eskatzeko. Bediako lantegiaren lana erregulatzeko txostenaren kontsulten epe "faltsua" akordiorik gabe amaitu dela salatu dute langileek.
"Berandu bada ere", langileak defendatzeko "aurrerapauso" bat ematea eskatuko diote langileek Exekutiboari.
'Eusko Jaularitza. Inplikazioa behingoz' lelopean aurreneko elkarretaratzea goizean egin dute 20 bat langilek. 09:00etatik 13:30ra arte protesta egunero errepikatuko dute Exekutiboak epaileari txostena igorri arte.
Langileek ia 300 egun daramatzate greban. Langileen ordezkariek azaldu dutenez, enpresako zuzendaritzak eta hartzekodunen konkurtsoko epaileak Bediako lantegia zabalik mantentzeko aukera "bertan behera utzi" zuten iragan ostegunean. "Txostenaren kontsulta epe faltsua" amaitutzat jo zuten "bilera-itxura batean; izan ere, enpresako ordezkariak ez ziren agertu eta lan zikina administratzailearen eskuetan utzi zuten ", erantsi dute.
Ordezkarien hitzetan, "benetakoa ez den gauza baten truke sinatzeari, xantaiari uko" egitea erabaki dute langileek, Bediako fabrika "bideragarria delako, eta etorkizuna duelako".