Ekonomia -

'Opor fiskalak'

Laguntzak itzultzeko orduan Confebasken jarrera kritikatu du Bilbaok

"Min handia eman zidan, Confebaskek gogor kritikatu zigun eta enpresak itxi behar genituela aurpegiratu ziguten", gogorarazi du Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Artxiboko irudia: EFE
Jose Luis Bilbao gogor aritu da orain kritikak egin dituztenen aurka

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enpresek 'opor fiskalei' esker jasotako laguntzak itzultzeko orduan Confebask euskal patronalaren lankidetza eskasa kritikatu du gaur Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak.

Cebek Bizkaiko patronalaren batzarra amaitzeko hitzaldia eman du Bilbaok Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Confebasken jarrera kritikatu du. Luxenburgoko Auzitegiak ezarritako 30 milioiko isunari buruz galdetu diote ahaldun nagusiari.

'Opor fiskalak' 2011n legez kanpo utzi zituztenean Aldundiak enpresei dirua itzultzeko eskatu ziela gogorarazi du ahaldun nagusiak.

"Min handia eman zidan, Confebaskek gogor kritikatu zigun eta enpresak itxi behar genituela aurpegiratu ziguten", gogorarazi du.

"Inor gogaitzeko borondaterik eta garrazkeriarik gabe esan nahi dut", berretsi du Bilbaok Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidentearen aurrean.

Confebask

Bilbaori erantzuteko hitza hartu du Lujuak. Ahaldunaren kritika "gehiegizkoa" izan dela uste du enpresaburuen ordezkariak. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek laguntzak beti defendatu izan dituztela goraipatu du Lujuak.

Enpresek diru-laguntzetatik onura atera zutela onartu du enpresaburuen ordezkariak, baina foru gobernuek legezkotzat jo zituztela gogorarazi du Lujuak.

"Legezkoak ziren laguntzetatik onura atera izanagatik, enpresak ez gara errudunak. Itzuli behar zirela esan zigutenean, ordaintzea egokia zela adierazi genuen", azpimarratu du.

"Polemikan aritzerik ez dut nahi", erantsi du Lujuak. Euskal enpresaburuek "beti erantzukizunez" jokatu dutela errepikatu du; izan ere, "herriarekin konpromisoa azaldu dute, hiru aldundietako zerga-arauak beti errespetatuz".

Alderdiak, erakundeak eta sindikatuak kritikatu ditu

'Opor fiskalen' aferan erantzukizun "pertsonala eta instituzionala" onartu du Bilbaok, baina PPk eta PSOEk gauza bera ez egitea salatu du; izan ere, biak Espainiako Gobernuan izan dira.

Era berean, ezker abertzalea kritikatu du, laguntzak itzultzeko eskatu zutenean Gipuzkoako Aldundiko gobernuan zegoelako.

Espainiako Gobernuak orain arte ez ditu EBk inposatutako ebazpenak bete, eta Euskadik ondorioak jasan behar dituela deitoratu du Bilbaok. "Honetan ere besteen hutsak ordaindu behar ditugu", gaineratu du.

Sindikatuei erantzukizuna eskatu die ahaldun nagusiak; izan ere, isuna deitoratu dute, baina 'opor fiskalen' helburua lanpostuak sortzea zela gogorarazi die.

"Egun batean zerbait garrantzitsua egin zen herri honetan, orain han geundenak deabruak gara, aberria saldu dugu, familiaren ondarea xahutu dugu. Ez dago eskubiderik. Guztiek erantzukizunak onartu behar ditugu", eskatu du.

"Onak eta txarrak daudenik ez dakit, baliteke denak onak eta txarrak izatea. Neurri batean guztiak erantzuleak gara, EAJ, PP, PSE, EA", erantsi du ahaldun nagusiak.

 

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea