Ekonomia -

Opor fiskalak

Ogasun Ministerioak euskal instituzioen esku utzi du zigorra banatzea

Diputazioek eta Jaurlaritzak hamabost eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko. Ogasunak atzo aurkeztutako planak desadostasunak sortu zituen hiru diputazioetan.

Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE
Cristobal Montoro Ogasun ministroa. EFE
Ministerioak euskal erakundeen esku utzi du opor fiskalen isuna

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ogasun Ministerioak gaur iragarri du euskal instituzioek –Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak- erabaki behar dutela opor fiskalengatik ordaindu beharreko 30 milioiko zigorra nola banatu.

Ogasunak adierazi du instituzioek hamabost eguneko epea izango dutela alegazioak aurkezteko, halakorik balego, eta "administrazioetako bakoitzak zigorraren zer portzentaje ordainduko duen jakinarazi beharko du".

Ministerioko iturriek azaldu dutenez, atzo aurkeztutako proposamenean aipatu ziren portzentajeak "estimazioak" ziren, "jasotako laguntzen proportzionaltasunaren arabera zehaztutakoak".

Bizkaiak euskal ogasunak biltzea espero du

Bizkaiko Foru Aldundiak euskal ogasunak "laster" biltzea nahiko lukeela adierazi du, EBk opor fiskalen harira jarritako isunaren ordainketa nola banatu eztabaidatzeko.

Erakunde bizkaitarrak azpimarratu du aukera guztiak zabalik daudela, baina Ekarpenen Legearen ereduari jarraiki, koefizienteen araberako ordainketa egin litekeela. Horren arabera, isunaren % 70 Eusko Jaurlaritzak ordaindu beharko luke, eta % 30, aldiz, aldundiek.

Bestalde, Bizkaiko Aldundiak azpimarratu du Ogasunak banaketa egiteko erabilitako araudia Auzitegi Gorenean errekurritu zuela, eta uste du kontu hori Kontzertu Ekonomikoko Batzorde Mistoan eztabaidatu behar zela.

Gipuzkoak isunaren banaketa orekatu defendatu du

Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatuak proposatu du Europak ezarritako isuna "modu orekatuan banatzea, ez dadin inor gehiegi kaltetu".

Ildo horretatik, isuna baliabide publikoak banatzeko erabiltzen diren portzentajeen arabera banatzea defendatu du Francok. Beraz, zigorraren % 70 Eusko Jaurlaritzak ordainduko luke, eta % 30 aldundien artean banatuko litzateke, koefiziente horizontalari begira.

Diputatuak uste du Ogasun Ministerioak egindako kalkuluek zenbait instituzio bereziki kaltetzen dituztela, baina, batez ere, Arabako herritarrak. "Herrialde bezala jokatu behar dugu, isunaren pisua ahalik eta modurik orekatuenean banatuta, inor gehiegi kaltetu gabe", adierazi du.

Francok esan du lurralde bateko herritarrek ez dutela zertan beste lurralde batekoek baino gehiago ordaindu behar, "guztiaren atzean EAJk eta PPk Confebaskekin batera bultzatutako estrategia bat egonda".

De Andresek Montorori deitu dio zuzenketa eskatzeko

Javier De Andrés Arabako ahaldun nagusiak Cristobal Montoro Ogasun ministroari deitu dio, Ministerioak proposatu duen lurraldekako banaketa "berehala zuzendu" dezan.

Banaketak ondoeza eragin du PPk zuzentzen duen Arabako Aldundian. Hori dela eta, De Andresek "Araba kaltetzen duen okerreko interpretazioa berehala zuzentzeko" eskatu dio ministroari; gainera, Ministerioak kontu horretan "eskua ez dezala sartu" adierazi du, eta erabakia "euskal instituzioen esku" uzteko eskatu dio.

Diputazioak jakinarazi duenez, eskaeraren aurrean "baikor" agertu da Montoro, eta Aldundiak "zuzenketa ahalik eta azkarren" iristea espero du.

Fiskaltzak hiru aldundiak ikertuko ditu

EAEko Fiskaltzak izapideak hasi ditu hiru aldundiek opor fiskalen isuna ordaintzeko atzerapenean izan zuten jarrera aztertzeko. Isuna Europar Batasunak jarri zion Espainiari, 90eko hamarkadan enpresei emandako diru laguntzengatik.

Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak aldundien azalpenak entzungo ditu udaren ostean eta, ondoren, arduragabekeriaz jokatu zuten ala ez erabakiko du.

ELA sindikatuak txosten bat helarazi zion Fiskaltzari, aldundiek Europako auzitegiek laguntzak berreskuratzeko emandako aginduari "entzungor" egiteko erabakiaz.

Erkorekak tentuz aritzeko eskatu du

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak opor fiskalen kasuan "tentuz" aritzeko eskatu du, Europar Batasunak ezarritako isunaren inguruan Ogasun Ministerioak zigorra banatzeko egindako proposamena ikusi eta gero.

Erkoreka kazetarien aurrean mintzatu da gai horren inguruan, Donostiako Udako Ikastaroetan parte hartu aurretik. Bozeramaileak "opor fiskalen tramitazioa oztopatu dezaketen aldebakarreko adierazpenik" ez egiteko eskatu du; izan ere, "indarrean dagoen araudiaren arabera, Gobernu zentralari dagokio afera bultzatzea eta konpontzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea