Ekonomia -

Ontzigintza

Euskal Herriko Itsas Foroa: 'Sektorea apur bat suspertuko da 2014an'

Javier Lopez de Lacalle Foroaren zuzendari gerenteak aitortu du EAEko ontziolei "kostatzen ari zaiela euren lekua topatzea, nazioarteko merkatuan".

Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Lopez de Lacalle Euskal Herriko Itsas Foroaren zuzendari gerenteak adierazi du Euskadiko ontzigintza apur bat suspertuko dela 2014an, nahiz eta onartu duen EAEko ontziolei "kostatzen ari zaiela euren lekua topatzea, nazioarteko merkatuan".

Eferi egindako adierazpenetan, Lopez de Lacallek esan du EAEko ontzigintzaren oraina "kezkaz" ikusten duela; izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolek lortutako kontratazioen erritmoa kontuan izanik, batez ere atun-itsasontzienak, "ez dirudi egoera gaindituta dagoenik".

Dena den, ziurtatu duenez, egungo egoera "ez da estugarria"; azken urteetan, aldiz, 2010etik 2013ra, aurreko "tax lease"a desagertu ostean, larri ibili ziren ontziolak. EBk legez kontrakotzat jo zuen ontziak egiteko finantza sistema, 2013an.

Susperraldi txikia, 2014an

Euskal Herriko Itsas Foroaren zuzendariak (1993an sortu zen erakunde hori, ontzi industria defendatzeko, eta enpresek, elkarteek eta erakundeek hartzen dute parte bertan), aurreratu du sektoreak susperraldi txikia izango duela 2014an.

"Fakturazioan eta enpleguan apur bat aurrera egingo dugu, baina zifrak ez dira ikusgarriak izango", adierazi du Lopez de Lacallek.

EAEko ontzigintza % 3 jaitsi zen 2013an. Enpresen fakturazioan ez zen aldaketarik egon eta 2.150 milioi eurokoa izan zen, baina enpleguan % 4 egin zuen behera. 5.000 bat langile daude: horietako 750, ontzioletan zuzenean; gainerakoak, industria laguntzailean.

Beste herrialde batzuek EAEko ontziolen lekua hartu dute

Lopez de Lacallek azaldu duenez, hiru urteko etenaldiaren ostean EAEko ontzioleak merkatutik kanpo geratu dira, eta beste herrialde batzuek euren lekua hartu dute. Esate baterako, Holandak –herrialde horrek salatu zuen Espainiako laguntzen sistema-, Norvegiak edo Turkiak. Hori dela eta, Euskadiko ontzigintzari "kostatzen ari zaio bere lekua berreskuratzea, nazioarteko merkatuan".

"Kontratuak badaude, baina ikusten ari gara ezin dugula EAEko ontzigintzaren lekua berreskuratu", onartu du Lopez de Lacallek.

Leku hori berreskuratzeko, Itsas Foroaren zuzendari gerenteak esan du lehenik eta behin “tax lease zaharrari irtenbidea ematen amaitu behar dugu”; horrela, inbertitzaileek eta bankuek zuir izango dute beste erreklamaziorik ez dela egongo”, laguntzak itzultzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia