Ekonomia -
Nafarroa
Bi langile hil dira lan istripuan, Funesen
Ultracongelados Virto enpresaren egoitzan izan da ezbeharra, bi beharginak altuera handitik jausita. Hiru hilabeteko epean, bost langile hil dira Nafarroan lan istripuz.
Agentziak | Erredakzioa
Bi langile hil dira gaur goizean Funesko (Nafarroa) Ultracongelados Virto enpresan izandako lan istripu batean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Bi beharginak altuera handitik jausi dira, iturrion arabera.
Develood enpresa eraikitzaileko langileak ziren bi hildakoak. Dematic enpresak azpikontratatuta ari zen lanean Develood bertan, Ultracongelados Virtok Dematici esleitu ostean silo automatiko baten erakuntza.
Nafarroako Larrialdi Zerbitzuek 11:10 aldera izan dute istripuaren berri. Azkoiengo lehen arretako osasun talde bat, suhiltzaileak, anbulantziak eta Foruzaingoaren patruilak bertaratu dira, baina medikuek bi lagunen heriotza egiaztatu besterik ezin izan dute egin.
Tafallako polizia-etxeak hartu du istripua ikertzeko ardura.
Hiru hilabete eskasetan, bost langile zendu dira Nafarroan lan istripuz. Apirilean, langile bat hil zen Berriobeitin, TID enpresan, altuera handitik erorita. Martxoan, berriz, beste bi hil ziren: Noainen bata eta Lodosan bestea.
Nafarroako alderdiek bertan behera utzi dituzte gaur arratsalderako aurreikusita zituzten ekitaldiak, lan istripua dela-eta.
Sindikatuen protesta
CCOOk iragarri du salaketa jarriko duela "ezbehar larria zerk eragin duen argitzeko eta horrelako tragedia gehiago galarazteko".
Bestalde, ELAk ohartarazi du Nafarroan egin duten "politikaren" ondorioz "lan baldintzen prekarizazioa areagotu" dela eta "lan ezbeharrak ugaritu" direla.
LAB sindikatuak azpikontratazioari eta prekarietateari egotzi die lan-ezbeharraren errua.
Sindikatuak babesa eta elkartasuna helarazi nahi izan die hildakoen senide eta lagunei, eta "langile klaseari orokorrean".
LABek azpikontratazioaren eta prekarietatearen arteko "lotura kausala" salatu du, horiek baitira "istripu larriaren benetako eragileak, eta zoritxarrez ohituta gaude".
"Lotura kausala aipatzen dugu, zeren jakinak dira enpresa mota honetako lan baldintzak, gehiegizko erritmoekin eta lan egun luzeegiekin, lanak ahal bezain laster amaitzeko", azpimarratu du sindikatuak.
LABek enplegu politikan "aldaketa sakona" egitea eskatu du, "patronalari aberastasun handia eta langile klaseari ezbehar handiak" eragiten dizkielako. Hala, kontzentrazioa deitu dute bihar Iruñean, Nafarroako Gobernuaren Lan Departamentuaren egoitzaren aurrean.