Ekonomia -
417 konpainia gehiago
Enpresen sorrerari dagokionez, 2010az geroztik urririk onena Euskadin
Bestalde, autonomoen kopuruak ere gora (789) egin zuen iragan urrian. Gainera, hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresen kopuruak % 21,3 behera egin zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Enpresen sorrerari dagokionez, 2010az geroztik Euskadik izan duen urririk onena izan da azkena; izan ere, Gizarte Segurantzan 417 konpainiek izena eman zuten, Confebaskek gaur jakitera eman duenez.
Urtebetean 775 enpresa sortu dira, 2014ko urrian baino % 1,3 gehiago. Guztira, 58.622 konpainia berri. 2015eko lehen hamar hileetan 560 enpresa sortu dira. 2014ko lehen hamar hilabeteetan 405 konpainia sortu ziren.
Gorakada Bizkaian eta Gipuzkoan eman dela goraipatu du enpresaburuen elkarteak. Araban, aldiz, beherakada txiki bat izan da.
Autonomo gehiago
Bestalde, 789 autonomo gehiagok izena eman zuen urrian, EAEn, 2014ko urriarekin alderatuta 260 gehiago (% 0,2). Guztira, 173.807 autonomo dira.
Kasu honetan ere urririk onena izan da, 2014koaren ondoren. Hala ere, krisia hasi zenetik 15.989 autonomo (- % 8,4) galdu direla zehaztu du patronalak.
Enpresa gutxiago hartzekodunen konkurtsoan
Azkenik, hartzekodunen konkurtsoan dauden enpresak % 21,3 murriztu ziren irailera arte, 2014ko aurreneko bederatzi hilabeteekin alderatuta. 269 konpainia daude konkurtsoan. 2014ko urtarriletik irailera bitartean, ostera, 342 enpresa egon ziren egoera berdinean.
Sektoreka, industrian konkurtsoen beherakadarik handiena gertatu da (- % 57,3). Eraikuntzan (- % 12,1) eta zerbitzuetan (- % 8,3) beherakada txikiagoak izan dira.