Ekonomia -

Europar Batasunaren bilera

Greziari laguntzeko mekanismoa babestu du euroguneak

Beharrezkoa izango balitz EBko herrialdeek maileguak emango lituzkete, baina merkatuak Greziari eskatzen dizkion interes-tasen azpitik, hau da, merkeagoak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak eta Alemaniak adostutako egitasmoa berretsi dute euroguneko estatuburuek eta gobernuburuek, diplomaziako iturriek jakitera eman dutenez. Zorraren arazoa okerrera egiten baldin badu Grezia erreskatatzeko mekanismoak adostu dituzte.

Lehenxeago Frantzia eta Alemania akordio batera heldu dira, Greziakbizi duen krisi ekonomikoari aurre egiteko. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzelaria bildu dira gaur, EBko goi-bilera hasi baino lehen. Beharrezkoa izango balitz, Greziaren esku jarriko litzatekeen finantza mekanismoaren ezaugarriak adostu dituzte bi agintariek bilera horretan.

Frantziako diplomaziako iturriek azaldu dutenez, EBko herrialdeek aldebiko maileguak emango lituzkete, baina merkatuak Greziari eskatzen dizkion interes-tasen azpitik, hau da, merkeagoak.

Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) ekarpena agertzen da akordioan ere, Merkelek eskatu bezala. Horrela, NDF esku hartzen lehenengoa izan daiteke, hori egitea eskatzen baldin badiote.

Egitasmoak 25.000 milioi euro izango ditu. NDFk 10.000 milioi dolar jarriko ditu eta aldebiko maileguak 12.000 eta 15.000 milioi euro bitartekoak izango lirateke, galdetutako iturrien arabera.

Espainiak 2.000 milioi euro jar ditzake. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ez du zenbatekorik baieztatu, baina Espainiak "duen pisuaren, BPGren eta biztanlegoaren, araberako ekarpena egingo" duela esan du, nahiz eta arazo ekonomikoak izan.

Interes-tasak

Beste iturri batzuen hitzetan, Greziari eman beharreko maileguetan parte hartzen duten Estatuen arabera finkatuko dituzte interes-tasak, bakoitzak merkatutik salneurri ezberdinean lortzen dituelako eta kostu horrek Greziari ematen zaizkion maileguen kopuruan eragina izango du.

Era berean, NDFk egiten duen ekarpenak interes-tasak baldintzatuko ditu, erakundearen interesak merkatuarenak baino baxuagoak direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea