Ekonomia -

BALANTZEA

40.000 bisitari izan ditu Makina Erremintaren Biurtekoak, %13 gehiago

Arduradunek adierazi dutenez, edizio arrakastatsua izan da eta 36 milioi euroko irabaziak utzi ditu.

BEC Makina Erremintaren Biurtekoa. EFE
BEC Makina Erremintaren Biurtekoa. EFE
BEC Makina Erremintaren Biurtekoa. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Makina Erremintaren Biurtekoa aspaldiko jendetsuena izan da: 40.000 bisitari izan dira aurtengo edizioan, aurrekoan baino % 13 gehiago.

Arduradunek adierazi dutenez, edizio arrakastatsua izan da eta 36 milioi euroko irabaziak utzi ditu.

Xabier Basañez BECeko zuzendariak adierazi duenez, ekimenaren emaitzak oso onak izan dira: "Biurteko handia izan da, lehen egiten zirenen tamainakoa, ez bakarrik parte-hartze datuei begiratuta. Giroa, erakusmahaien eta bisitarien kopurua eta barruko eskariak lagunduta egindako aurretiazko salmentak aipatzekoak dira".

BECeko Makina Erreminta sektore horren munduko erakusleihoa izan dela nabarmendu du Basañezek. Horren ildoan, "negozioa" egin dela azpimarratu du Basañezek. Hurrengo edizioa noiz izango den ere aurreratu dute; 2018ko maiatzaren 28tik ekainaren 1era egingo dute.

Antxon Lopez Usoz AFMko presidenteak azokan aurkeztutako eskaintzaren kalitatea eta bisita profesionalen profila azpimarratu du. "Goi-teknologiako makineria eta ekipamenduak ikusi ditugu, baita mugimendu ugari ere azoka egin den egun guztietan", azaldu du.

Azokaren balorazio globala puntu bat igo da 2014koarekin alderatuta, eta 7,7ko puntuazioa erdietsi du. ADDIT3D azokak, hau da, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko lehen Erakusketak ere oso puntuazio altua lortu du erakusketarien artean, 8ko nota eman baitiote.

Asebetetasuna izan da balioespen orokorra Makina-Erreminta Inportatzaileen Elkarteko (AIMHE) kide diren erakusketarien artean, bertako presidente den Jorge Garciak adierazi duenez. "Azoka osteko salmenta aurreikuspenak handiak dira, inbertitzeko eta erosketa-erabakiak hartzeko asmoarekin BIEMH-era etorri diren bisitarien kalitatea dela-eta. Gure merkatua Europako bataz bestekoaren gainetik dago dinamismoari dagokionez, eta horrek isla izan du azokan", gaineratu du.

Parte-hartzeari buruzko datuei dagokienez, nabarmentzekoa da % 45 izan direla Euskal Autonomia Erkidegotik haratago etorritako profesionalak. Horien arteko % 5 atzerritarrak izan dira, 54 herrialdetik etorri direnak.

Nazioarteko esparruari so eginez, Portugal, Frantzia Alemania, Italia eta Txinako profesionalak nabarmendu dira, eta horien atzetik Kolonbia, Argentina, Mexiko, Austria eta Indiakoak. Biurtekoan izan dira ere Iran, Lituania, Australia, Singapur, Siria eta Ipar Koreako hainbat profesional.

Guztira 652 pertsonak parte hartu dute ADDIT3Deko jardunaldietan. Bertan, profesionalek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte ekoizpen gehigarriak eskaintzen dituen aukerak.

WORKINN

Denetara 6.516 gaztek, gehienak lizentziadun berriak edota Lanbide Heziketako azken ikasturteetan daudenak, bertaratu dira Workinn-era (lehen Enplegu eta Prestakuntza Foroa). Foro horretan ehun lanpostutik gora eta guztientzako aholkularitza eskaini dira.

500 kongresista Oil & Gas eta MIC hitzaldietan

Oil & Gas Conference eta Maintenance Innovation Conference hitzaldiek 500 kongresista bildu dituzte aste guztian zehar. BECen eta EasyFairs-en artean antolatutako bi ekitaldi horiek espazio osagarriak eskaini zituzten, besteak beste, erakusketa gunea eta networkingerako txokoa. Horiek jarraipena eman diete joan zen urtean egin ziren eta 2017an errepikatuko diren Pumps & Valves eta Maintenance azokei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Bilbo berriak Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo BEC argazkiak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Eguneko albisteak Industria