Ekonomia -
Doitze planaren kontra
CCOOk eta UGTk ez dute greba orokorra deitu, baina ez dute baztertu
Sindikatuak "ez daude bat ere ados" Zapaterok aurreikusitako neurriekin.
Erredakzioa
Ignacio Fernandez Toxo CCOO sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, sindikatuak "ez daude bat ere ados" defizit publikoa murrizteko Gobernuak aurkeztutako neurri fiskalekin eta ez dute greba orokorra egitea baztertzen. Dena den, erabakia arinegi ez hartzeko denbora eskatu du Toxok.
Candido Mendez UGTko idazkari nagusiarekin batera agertu da Toxo prentsaurrekoan, Moncloan Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearekin bildu ostean.
Toxoren hitzetan, "sindikatuak mobilizazioak egitea aztertzen ari dira, sektore publikoan iragarri duten bezala"; beraz, deialdiaren ondorioa greba orokorra izan liteke.
Greba orokorreko deialdia sektore erakundeekin zehazten joango da, sindikatuek "ekintzen beharra" ikertzen duten bitartean.
Toxoren ustez, Espainiako Gobernuak "biderik okerrena aukeratu du, krisi ekonomikoa oraindik ez dugulako gainditu, eta neurriek merkatuaren eskaerei erantzuna ematea beterik ez dutelako bilatzen".
Ildo horretan, Zapaterok aurkeztutako neurrien aurrean aukera ezberdinak azaldu du, tartean Ondarearen gaineko Zerga berrezartzea edota errenta altuenei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga gutxinaka igotzen joatea.
Zapateroren neurriek "egonkortasuna" eta lan-erreformako elkarrizketa sozialaren "giroa eragozten" dituela adierazi du Candido Mendezek.
Mendezek iragarri duenez, CCOOko Batzorde Exekutiboak bilera egingo du bihar Gobernuak aurkeztutako neurrien aurrean emango duten "erantzun maila" erabakitzeko. Hala ere, CCOO sindikatuak "bere osotasunean" hartuko duen erabakia izango da, Mendezen hitzetan.
Horrez gain, defizitaren aurkako neurriak ekonomiaren berreskurapena atzeratuko duten "sakrifizioak" besterik ez direla azpimarratu du. Mendezen ustez, Zapateroren ekimenek langabezia handituko dute.
Mendezen hitzetan, lan-erreforman akordioa lortzea oso garrantzitsua da, baina sindikatuek kontuan hartzen dute neurri horiek ez dutela laguntzen eta zailtasun handiagoak ekartzen dituztela.
Arratsaldeko bilera
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea murrizketa plana azaltzeko, Gerardo Diaz Ferran eta Jesus Barcenas CEOE eta CEPYME patronaletako presidenteekin bilduko da 20:00etatik aurrera, Moncloa Jauregiak jakinarazi duenez.
Neurri horiei erantzuteko mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute sindikatuek. CEOEk, aldiz, Exekutiboaren defizitaren aurkako plana "positibotzat" jo zuen atzo eta lehenago aurkeztu ez izanaz kexatu zen.
CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiekin batzartuko da eguerdian Zapatero, defizita murrizteko atzo iragarri zituen neurriak azaltzeko.
Zapaterok agerraldia egin zuen atzo Diputatuen Kongresuan, murrizketa zorrotzak iragartzeko. Besteak beste, aurten funtzionarioen soldata % 5 murriztea eta 2011n guztiz izoztea; ''umetxo-txekea'' kentzea eta pentsioak bere horretan uztea erabaki du Exekutiboak.
Neurriok bihar onartuko ditu Ministroen Kontseiluak, eta berehala sartuko dira indarrean.