Ekonomia -

Defizitaren aurkako plana

Zapatero doitzea azaltzeko patronalarekin bilduko da arratsaldean

Espainiako Gobernuko presidentea CCOO eta UGTko buruekin bilduko da 13:30etan eta CEOE eta Cepymeko presidenteekin 20:00etan. Sindikatuek, funtzionarioek eta pentsiodunek mobilizazioak deitu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea murrizketa plana azaltzeko, Gerardo Diaz Ferran eta Jesus Barcenas CEOE eta CEPYME patronaletako presidenteekin bilduko da 20:00etatik aurrera, Moncloa Jauregiak jakinarazi duenez.

Neurri horiei erantzuteko mobilizazioak deituko dituztela iragarri dute sindikatuek. CEOEk, aldiz, Exekutiboaren defizitaren aurkako plana "positibotzat" jo zuen atzo eta lehenago aurkeztu ez izanaz kexatu zen.

CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiekin batzartuko da eguerdian Zapatero, defizita murrizteko atzo iragarri zituen neurriak azaltzeko.

Zapaterok agerraldia egin zuen atzo Diputatuen Kongresuan, murrizketa zorrotzak iragartzeko. Besteak beste, aurten funtzionarioen soldata % 5 murriztea eta 2011n guztiz izoztea; ''umetxo-txekea'' kentzea eta pentsioak bere horretan uztea erabaki du Exekutiboak.

Neurriok bihar onartuko ditu Ministroen Kontseiluak, eta berehala sartuko dira indarrean.

Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez aipatu sindikatuetako idazkari nagusiek kritikatu egin dituzte, eta hurrengo asteetan mobilizazioak egingo dituztela ohartarazi dute.

Funtzionarioen soldata murriztuz, Gobernuak hautsi egingo du iazko irailean sindikatuekin lortutako akordioa. Izan ere, aurten soldatak % 0,3 handitzea adostu zuten.

Funtzionarioek eta pentsiodunek greba orokorra deituko dute

Bien bitartean, Funtzionarioen Zentral Independentea (CSI-CSIF) greba orokorra antolatzen hasi da soldata murrizketen aurka.

Agiri batean, sindikatuak azaldu du batzar informatiboak egingo dituela maiatzaren 17an eta 21ean.

Halaber, 25ean elkarretaratzeak egingo dituzte Espainiako Gobernuak probintzietan dituen Ordezkaritzetan, eta ondoren manifestazioak erkidegoetan eta Estatu mailan.

"Mobilizazioei amaiera emateko, greba orokorra deituko dugu Administrazio Publiko guztietan", gaineratu du. Dena dela, ez du datarik ezta datu gehiagorik zehaztu.

Beste alde batetik, Enrique Castilla aurretik erretiratutako eta pentsiodunen Espainiako Konfederazioko Zuzendaritza Batzordeko kideak, zerbitzu sozialak bertan behera uztea "onartezina" dela esan du eta horrenbestez, erakundeak "ziurrenik" manifestazioak deituko dituztela iragarri ditu.

Espainiako pentsio sistema "bai pentsio pribatuak ezartzeko interesa duen sektore pribatuaren aldetik baita sektore publikoaren aldetik ere etengabeko erasoak" pairatzen ari dela salatu du Castillak.

Zer eragin izango du Euskadin?

Espainiako Gobernuaren arabera, soldata murrizketa autonomia erkidegoetako eta Udaletkao funtzionarioei ere ezarriko diete, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea aldatu beharra baitago.

Nolanahi ere, oraingoz ez dago batere argi zer nolako eragina izango duen Euskadin.

Horren ildotik, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaleak azaldu du balizko ondorioak aztertzen ari direla. Dena dela, neurriak Lege Dekretu baten bidez ezarriko balituzke, erkidegoak hura betetzera "behartuta" egongo liratekeela gaineratu du.

Mendiak agerraldia egingo du gaur, 11:00etan, Legebiltzarrean, balizko ondorioak azaltzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea