Ekonomia -

Japonian egindako adierazpenak

Zapaterok lankidetza eskaini dio EAJri, Aurrekontuak babes ditzan

Espainiako Gobernuko presidenteak azaldu du Iñigo Urkullu EAJko presidenteari deitu ziola Txinara eta Japoniara abiatu baino lehen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak ziurtatu du lankidetza aroa hasiko lukeela EAJrekin 2011ko Aurrekontuak babestuko balitu. "Mundu guztiak daki Aurrekontuak oso garrantzitsuak direla, EAJk barne", adierazi du.

Tokion (Japonia) egindako agerraldi batean, Zapatero baikor agertu da, eta aurtengo Aurrekontuak luzatu behar ez izateko babes nahikoak lortuko dituen itxaropena adierazi du.

Zapaterok azaldu du Elena Salgado Ekonomia ministroa eta Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramailea daudela negoziatzen. Hori bai, Txinara eta Japoniara abiatu baino lehen Iñigo Urkullu EAJko presidenteari deitu ziola zehaztu du. Negoziazioak hastea zuen helburu deiak.

Negoziazioan hainbat gai jorratuko dituzte, hala nola zerga sistemaren erreforma, pentsioak eta ekonomia iraunkorraren legea.

Nolanahi ere, Zapaterok berretsi du gainerako taldeekin ere hitz egingo duela, eta Coalicion Canaria eta UPN aipatu ditu, hain zuzen ere.

Espainiako Gobernuko presidentearen arabera, Patxi Lopez lehendakaria ez dago Gobernuaren eta EAJren arteko negoziazioen aurka, Jaurlaritzarekin ere negoziatu baitute, negoziatzen ari baitira eta negoziatzen jarraituko baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea