Ekonomia -

Enplegu Politika Aktiboak

Gobernua EAJren azken eskaintza aztertzen ari da akordioa lotzeko

Ituna ordu gutxi barru iritsiko dela dirudi eta ziurrenik gaur bertan itxiko dute; edo hori uste dute behintzat jeltzaleek, izan ere, xehetasun tekniko batzuk besterik ez dira geratzen zintzilik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta Espainiako Gobernuak ordu gutxi barru lotuko dute akordioa Enplegu Politika Aktiboen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. Josu Erkoreka EAJren Kongresuko bozeramaileak Jose Antonio Alonso PSOEren bozeramaileari eman zion atzo azken proposamena.

Madrilgo Gobernuak ostirala baino lehen itxi nahi du akordioa, orduan onartuko baitu Aurrekontuen Lege Proiektua, eta zerbitzu juridikoek beranduen jota biharko behar baitute behin betiko testua.

EAJri ere komeni zaio biharko Osoko Bilkurari begira politika aktiboen transferentzia lortzea, eta hori hala izateko zantzu nabarmenak daude, Andoni Ortuzar BBBren presidentearentzat behintzat: "Transferentzien akordioa datozen orduetan lor daiteke".

Dagoeneko inork ez du zalantzan jartzen akordioa egongo dela, herenegun EAJk akordioa inoiz baino gertuago zegoela esan zuen, eta orain xehetasun tekniko batzuk besterik ez dira geratzen zintzilik eta badirudi ez direla akordioa lortzeko oztopo izango.

Xehetasun teknikoak

Horien artean, euskal enpresa bat egoitza soziala Euskadin duena edo enpresa Euskadin duena ote den zehaztea egongo da. Gainera, dirua eta bonifikazioak ere badaude jokoan, eta gai polemikoak izaki, Jose Antonio Alonso sozialisten Kongresuko bozeramailea zuhurrago agertu da jeltzaleak baino eta esan du "akordioa dagoenean" emango duela horren berri, izan ere, "eboluzioa positiboa den arren, nik oraindik ezin dut esan akordioa dagoela".

Eusko Jaurlaritza, bien bitartean, zain dago eta negoziazioen nondik norakoen berri ematen diote Espainiako Gobernutik. Gainera, EAJren jarreran alderdi positiboa ikusi dute, Estatutuaren bidera itzuli dela uste baitute, "hausturaren identitate-bidea" baztertuta, Idoia Mendia bozeramailearen esanetan.

Akordioa gaur lortuz gero, 18 urtetan borrokatutako eskumena Jaurlaritzara iritsiko da eta bihar Legebiltzarrean egingo duten Osoko Bilkuran gai nagusi bilakatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea