Itxi

Ekonomia

Protestak

VTC baimen bakoitzeko 26 taxi daude Euskadin

agentziak | erredakzioa

Aurtengo urtarrilean Taxien Mahai Sektoriala abiatu da Euskadin, taxilariek eta erakundeek osatuta, sektorearen egoera, ebazpen judizialak eta legeen aldaketak aztertzeko.

  • Gaurko protesta, Bilbon

    Gaurko protesta, Bilbon. Argazkia: EFE

Euskadin alokairuko ibilgailu txoferdun (VTC) baimen bakoitzeko 26 taxi daude, hortaz, ratioa 1-26koa da, legeak ezarritako mugatik (1-30) oso gertu.

Euskal taxilariek bat egin dute gaur, astelehena, eta biharko deituta dauden greba eta mobilizazioekin, Taxiaren Elkarte Nazionalak (Antaxi) deituta, Uber eta Cabifyren moduko ibilgailuen baimenak mugatzea eskatzeko. Euskadin, baina, ez dute halako eskaerarik egin enpresa horietatik, Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailak zabaldu duenez.

Guztira, 2.121 taxi daude Euskadin, Estatu osoan jarduteko baimenarekin. Lurralde historikoei erreparatuta, Bizkaian daude taxi gehienak, 1.229 baimenekin; Gipuzkoa, ondoren, 654rekin eta Araba, azkenik, 238rekin.

Ekainaren 1era arte, 83 baimen eman dituzte VTC moduko ibilgailuak gurean jarduteko; 30 Bizkaian, 29 Araban eta 24 Gipuzkoan.

Aurtengo urtarrilean Taxien Mahai Sektoriala abiatu da Euskadin, taxilariek eta erakundeek osatuta. Bestak beste, "epe labur eta ertainera" agertuko diren erronkak aztertu dituzte, esaterako, ibilgailu elektrikoak, ordainketa sistema aurreratuak (contactless, mugikorren aplikazioak…), kalitate estandarrak, hizkuntza eta sektorearen laguntza "herrialde mailako ekitaldi nagusietan".

Eusko Jaurlaritzak aldizka egin ditu bilerak Euskadiko Taxien Federazioarekin, sektorearen egoera, ebazpen judizialak eta legeen aldaketak -gidaridun ibilgailuei dagokienez- eta bien arteko "beharrezko elkarbizitza" aztertzeko.

Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura Sailak iragarri duenez, VTC ibilgailuek aurreko eta atzeko leihoetan erakutsi beharko dituzte agiri identifikagarriak. Neurria beste leku batzuetan ere aplikatzen ari dira, esaterako, Madril (3.927 baimen), Andaluzia (1.430), Katalunia (1.033) eta Valentzian (243).

Gainera, Jaurlaritza dekalogo bat garatzeko lanean ari da Eudelekin, Ertzaintzarentzat eta udaltzaingoentzat errazagoa izan dadin VTC ibilgailuak kontrolatzea.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena