Ekonomia -
LAN GATAZKA
Ryanairreko kabinako langileen grebak ez du eraginik izango euskal aireportuetan
Irlandako hegazkin konpainiak Espainian, Portugalen, Herbehereetan, Belgikan, Italian eta Alemanian dituen langileek deitu dute greba, eta 158 hegaldi utzi dituzte bertan behera horren ondorioz.
AGENTZIAK
Ryanair konpainiako langileek greba eguna dute gaur Espainian, Portugalen, Herbehereetan, Belgikan, Italian eta Alemanian. Kabinako langileak greba egitera deitu dituzte Europako sei herrialde horietan, eta Belgikan, Italian eta Alemanian, baita pilotuak ere. Grebaren ondorioz, 158 hegaldi utzi dituzte bertan behera. Dena den, lanuzteak ez du eraginik izango Euskal Herriko aireportuetan.
Irlandako aire konpainiak emandako informazioaren arabera, grebak 30.000 bidaiariri eragingo die. AirHelp plataformaren esanetan, litekeena da Ryanairrek 11 milioi euro ordaindu behar izatea kalte-ordainetan.
Sindikatuen hitzetan, kabinako 5.000 langile eta 1.000 pilotu deitu dituzte greba egitera; beraz, konpainiaren historiako grebarik handiena izango da.
Lan baldintzak hobetzeko ari dira borrokan beharginak. Ildo horretan, konpainia prest agertu da langileei dagokien herrialdeko kontratuak egiteko 2019. urtearen hasieran, eta, hala ez bada, sindikatuek greba deialdi gehiago iragarri dituzte.