Ekonomia -

Nafarroa

AHTaren lanak bertan behera utz ditzatela eskatu du martxa batek Azkoienen

Abiadura Handiko Trenaren aurka manifestatu dira ehunka lagun, horien esanetan, "diru publikoa xahutzea delako, eta gizartearen zatiketa eta ingurugiroaren hondatzea dakartzalako".

Azkoienen izandako martxaren burua. Argazkia: EiTB
Azkoienen izandako martxaren burua. Argazkia: EiTB
AHTaren lanak bertan behera utz ditzatela eskatu dute Martzillan

0:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

250 pertsona inguru bildu dira larunbat honetan Abiadura Handiko Trenaren kontra Azkoienen izandako martxan. AHTaren lan-eremuraino egin dute ibilbidea, lan horiek bertan behera utz ditzatela eskatzeko, ekitaldiaren antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

Musika-ekipoa zeraman triziklo batek ireki du martxa. AHTaren aurkako leloak izan dira irakurgai manifestariek zeramatzaten pankartetan.

2,5 kilometro egin dituzte, AHTaren lan-eremuraino eta, bertan Guardia Zibileko patruila bat zegoela, agiria irakurri dute azpiegitura horren lanak bertan behera utz ditzatela aldarrikatzeko.

Martxa deitu duten elkarte sozialen eta sindikalen aburuz, datozen foru-hauteskundeei begira, "Tren Soziala edo Abiadura Handiko Trenaren aldeko apustuak zehaztuko ditu bi Gobernu-ereduak: bata progresista, ezkertiarra, Aldaketaren Gobernua; bestea, ordea, Gobernu klasista-elitista, eskuindarra".

Agirian antolatzaileek azpimarratu dutenez, "aldaketaren Gobernua ezin da oinarritu diru publikoaren xahutzea dakarren AHTaren garapenean". Horien esanetan, AHTak "gizartea zatitzen du, eta ingurugiroa hondatu".

Manifestua irakurri ostean, lan-eremuaren beste parte batean, 20 batek osatutako talde batek helio-globoak zituen pankarta bat eraman du eta, jarraian, 15 zuhaitz landatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Manifestazioak