Ekonomia -

Lan-gatazka

Greba mugagabea Gasteizko garbiketa zerbitzuan, abenduaren 2tik aurrera

FCC eta GMSM konpainiek erretiro partzialen eta txanda-kontratuen egitasmoa martxan jartzeari uko egin diotela salatu du enpresa-batzordeko presidenteak.

Greba mugagabea Gasteizko garbiketa zerbitzuan, abenduaren 2tik aurrera. Artxiboko irudia: EiTB
Greba mugagabea Gasteizko garbiketa zerbitzuan, abenduaren 2tik aurrera. Artxiboko irudia: EiTB
Greba mugagabea Gasteizko garbiketa zerbitzuan, abenduaren 2tik aurrera. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko garbiketa zerbitzua kudeatzen duen aldi baterako enpresa-elkarteko langileek abenduaren 2tik aurrera greba mugagabea egitea erabaki dute gaur, batzarrean. Horrela, enpresak irailean adostutako akordioak ez dituela bete salatu nahi dute. Lanuztea 22:00etan hasiko da.

FCC eta GMSM konpainiek erretiro partzialen eta txanda-kontratuen egitasmoa martxan jartzeari uko egin diotela salatu du Juan Carlos Mateos enpresa-batzordeko presidenteak, eta enpresek 2014tik behargin bakoitzari zor dioten 15 eguneko ordainketa egiteko asmorik ez duela kritikatu du. Horren aurrean, langileen % 79k greba babestu dute.

“Irailaren 7an greba bertan behera uztea erabaki zen, enpresak zor ziguna emateko akordioa adostu genuelako, baina hiru hilabete geroago ez digutela emango esaten jarraitzen dute; horregatik, greba mugagabea berriro abiatzea erabaki dugu”, esan du Mateosek. 2017tik greba hirutan deitu behar izan dutela azpimarratu du enpresa-batzordeko presidenteak.

Aldi baterako enpresa-elkarteak kaleratutako langileak berriz onartu ondoren, aurreneko greba bertan behera utzi zuten. Absentismoa egotzita kaleratu zituzten langile haiek. Bigarren greba ez zen hasi sindikatuekin akordio bat lortu ondotik, baina adostutakoa ez zutela bete behar esan zien enpresak iragan astean egin zuten bileran, sindikatuen arabera.

FCC eta GMSM enpresekin duen kontratua bertan behera uzteko lanean ari da Gasteizko Udala, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak jarritako bideari jarraituz. Hori egiteko, baina, kontratua eteteko interes publikoa dagoela frogatu beharko dute.

Esleipenari uko egiteko borondatea azaldu du aldi baterako enpresa-elkarteak, izan ere, horien esanetan, ekonomikoki “ez da bideragarria”. Enpresa horiek eman dituzten datuen arabera, langileen absentismoak urtean milioi bat euroko kostua du.

“Gasteizko kontratua utzi behar duenik argi ez baldin badu, gure lan eskubideak aitortuko ez dizkigula esan digu, baina Udalarekin akordio batera helduz gero bai”, azpimarratu du Mateosek. Enpresa-batzordeko presidentearen ahotan, enpresak “xantaia” egiten ari zaizkio Udalari, “langileak erdian jartzen ari direlako”.

Gizarte Segurantzan erretiro partzialak eta txanda-kontratuak bideratzeko eta beharginei zor zaizkien 15 egunak nominan barneratzeko epemuga bezala azaroaren 30a jarri du Mateosek, greba mugagabea saihesteko.

Gatazka aztertzeko bilera bat eskatu dio dagoeneko enpresa-batzordeko presidenteak Gasteizko Udal Gobernuari. Gainera, langileek elkarretaratzea egingo dute ostiralean udaletxearen aurrean, 09:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Grebak Lana Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak