Ekonomia -

Zerga

Bigarren etxebizitzaren hipotekaren zerga bezeroak ordaintzen jarraituko du Euskadin

Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoan ez da ordaindu behar ohiko etxebizitzaren hipotekaren gaineko zerga.

Etxebizitza-eraikin bat. ETB
Etxebizitza-eraikin bat. ETB
Etxebizitza-eraikin bat. ETB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek ostegun honetan erabaki dutenez, bigarren etxebizitzaren hipotekaren gaineko zerga bezeroak ordaintzen jarraituko du, orain arte bezala. Dena dela, Euskadin ez da ordaindu behar ohiko etxebizitzaren hipotekaren gaineko zerga.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak ostegun honetan jakitera eman duenez, aldaketarik ez egitea erabaki dute EAEko hiru aldundiek Zerga Koordinaziorako Organoan. Izan ere, Ekitaldi Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren inguruko doktrina aldatu eta hipoteka bat sinatzean ordaindu beharreko zergak bezeroek ezik bankuek ordaindu behar dituztela ebatzi zuen Espainiako Gobernuak, baina EAEn aldaketarik ez egitea erabaki dute.

Gauzak horrela, aurrerantzean Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek bakarrik ordaindu behar izango dute zerga hori bigarren etxebizitzaren kasuan. Izan ere, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren inguruko testua aldatzea aho batez onartu du gaur Nafarroako Parlamentuak. Ondorioz, hipoteken gaineko zerga bankuek ordaindu beharko dute Nafarroan.

Aldundiek azaldu dutenez, Espainiako Gobernuaren araudiak ez du inolako eraginik izango Euskadin, izan ere, eskumen fiskalak aldundiek dituzte eta haiei dagokie horren inguruan erabakiak hartzea.

Hala, bezeroak soilik bigarren etxebizitzaren kasuan ordaindu behar du hipotekaren gaineko zerga Euskadin.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE Hipotekak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza gaur Zerga politika