Ekonomia -
LAN GATAZKA
Lau orduko lanuzteak Bilbobusen eta 24 orduko greba Bizkaibuseko linea batzuetan
Bilbobusen, 07:30etik 11:30era eta 17:30etik 21:30era egingo dituzte lanuzteak. Pesalur enpresako langileen grebak, ostera, Durangaldeari, Nerbioiri eta Arratiari eragingo dio.
EITB.EUS
Gaur, osteguna, lanuzte eguna dute Bilbobusen eta 24 orduko greba, ostera, Bizkaibus zerbitzuko linea batzuetan. Hori dela eta, egun zaila izango da berriro linea horietako erabiltzaileentzat.
Bilbobusen, 07:30etik 11:30era eta 17:30etik 21:30era egingo dituzte lanuzteak, lan hitzarmen berria eskatzeko.
Gaurko lanuztearen ostean, greba mugagabeari ekingo diote urtarrilaren 21etik aurrera, aurretik akordiorik ez badago.
UGT sindikatuko iturriek astelehenean azaldu zutenez, azken egunotan ez da harremanik izan sindikatuen eta enpresaren artean. Beraz, "zail" ikusten zuten aste honetan, datorren astean greba mugagabea abiatu aurretik, bi aldeen arteko gerturatzea egotea.
Bestalde, Bizkaibuseko Pesalur SA enpresako langileak 24 orduko greba egitera deitu dituzte, lan hitzarmenaren alde. Greba deialdiak Durangaldean, Arratian eta Nerbioi Garaian dabiltzan autobusei eragingo die.
Akordiorik ezean, greba mugagabea hasiko dute urtarrilaren 21ean.