Ekonomia -
LAN-GATAZKA
Bilbobuseko langileek ez dute aurrekordioa onartu, eta eutsi egin diete mobilizazioei
Gauerdian hasi duten asanbladan, langileek ezezkoa eman diote CCOOk, UGTk eta USOk enpresarekin lortutako aurreakordioari. Beraz, mantendu egiten dituzte urtarrilaren 2ko eta ondorengo lanuzteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbobuseko langileen asanbladak ezezkoa eman dio CCOO, UGT eta USO sindikatuek enpresarekin lortutako aurreakordioari. Beraz, mantendu egiten dituzte urtarrilaren 2ko eta ondorengo lanuzteak.
Gauerdian hasi dute asanblada eta hiru orduz egon dira bilduta 444 langile. Bozketa eginda, 233 pertsona aurrekordioaren kontra agertu dira eta 208 alde.
ELA eta LAB aurrekoardio horren kontra zeuden, eta bozketaren emaitzaren ostean, ELAko ordezkari batek adierazi du langileen ezezkoak garbi uzten duela "negoziatu zutena ez zela nahikoa Bilbobuseko arazoak ikusita". "Nabarmen uzten du ez UGTk ez CCOOk ezta USOk ere ez dutela langileriaren errealitatearekin eta sentipenekin bat egiten, hirugarren aldia baita eurek negoziatutakoak ezezkoa jasotzen duela". "Oso kritikoak izan behar dugu Udalarekin eta Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzarekin, gainera, langileen babesik ez duen akordio honen alde egin baitute" salatu du, era berean.
LABeko ordezkari batek azaldu duenez, lau gako daude langileek eman duten ezezkoa ulertzeko: "aurreakordioak ez zion lan prekarietateari amaierarik ematen, ez dago konpromisorik lanpostuen amortizazioekin amaitzeko enpresaren aldetik, subkontratazioari atea zabaltzen dio, eta ekonomikoki, apirilean eskainitakoa baino gutxiago eskaini dute, eta orduko hartan ere ezezkoa eman zuten langileek".
Hilabete daramate Bilbobuseko langileek mobilizazioekin. Abenduaren 21ean egun osoko lanuztea egin zuten San Tomas egunarekin bat eginez, eta gaurko bozketa ikusita, egoera errepikatu egingo da urtarrilaren 2tik aurrera. Hala, urtarrilaren 2an, 3an, 7an, 10ean, 14ean eta 17an lau orduko lanuzteak egingo dituzte, eta ordurako akordiorik ez badago, mugarik gabeko lanuzteei ekingo diete urtarrilaren 22tik aurrera.
'Egoera konplikatua'
Bilbobuseko langileen asanbladak CC. OO.k, UGTk eta USOk enpresarekin lortutako aurreakordioa errefusatu ostean, "egoera konplikatu egin" dela onartu du UGT sindikatuak. Dena dela, negoziaziorako "prest" daudela berretsi du, baina "oso zaila" izango dela aurreratu du.
Bestalde, Gaizka Miguel ELAko Garraio arduradunak gogoratu duenez, "atzera bota duten hirugarren aurreakordioa da, langileen gehiengoak eskatutako behar ekonomikoak eta sozialak asetzen ez dituelako".