Ekonomia -

'Euskal Y'

724 milioi bideratuko dituzte AHTa Gasteizera eramateko

Dirutzaren zatirik handiena (434 milioi) hiriburuan geltokia egiteko erabiliko dute, eta 206 milioi Arkautiko korapiloa eraikitzeko. 90.000 metro koadro libre geratuko dira hiri erabilerarako.

Gonzalez, Abalos, Urtaran eta Tapia, gaurko ekitaldian. Argazkia: @vitoriagasteiz
Ezkerretik eskuinera, Gonzalez, Abalos, Urtaran eta Tapia.
Gonzalez, Abalos, Urtaran eta Tapia, gaurko ekitaldian. Argazkia: @vitoriagasteiz

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen, 3,6 kilometroko eremuan, Abiadura Handiko Trena (AHTa) heltzeak 724 milioi euroko kostua izango du, eta 90.000 metro koadro utziko ditu libre hiri erabilerarako.

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Sustapen Ministerioak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak gaur izenpetu dute lanok ahalbideratzen dituen hitzarmena. Ondoren, prentsaurrekoan agertu dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua, Jose Luis Abalos Sustapen ministroa, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.

Azaldu dutenez, Pedro Asua kalearen eta Salburuako Bulebarraren arteko tartea da lur azpitik joango dena. Geltoki berria Dato kalean eraikiko dute, egungo eraikina moldatuta: 3.140 metro koadroko azalera gehituko zaio eta lur azpiko bi solairu izango ditu.

Aurreikuspenen arabera, informazio azterketa aurten onartu eta jende aurrean aurkeztuko dute. Lanok 2020a baino lehen lizitatu beharko dituzte, eta ondoren, 36 hilabeteko epea dute obrak egiteko.

Guztira, 724 milioi euroko kostua izango du proiektuak. Horietatik 434 milioi, geltokiaren lur azpiko tarteari dagozkio; 206 milioi, Arkautiko lotuneari; 41, Burgos-Gasteiz linearekin egin behar den lotuneari, eta 42, proiektuen idazketari eta obren zuzendaritzari.

Kostuaren erdia Espainiako Gobernuak hartuko du bere gain; beste % 25a, Jaurlaritzak; Gasteizko Udalak, % 15a, eta gainerako 10a, Foru Aldundiak.

Mediterraneo korridorearekin lotunea

Gaur onartutako proiektuaren arabera, Arkautiko korapiloan egingo dute "Euskal Y"ren eta Mediterraneo pasabidearen arteko lotunea (Iruñetik igarotzen dena). Dena dela, Abalosek aitortu du oraindik erabakitzeke dagoela Gasteizetik edo Ezkio-Itxasotik (Gipuzkoa) egingo ote duten. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran alkateak aukera horren alde egin dute, baina Arantxa Tapia sailburua zuhurrago agertu da.

Sustapen ministroak iragarri duenez, laster bilera deituko Nafarroako Gobernuarekin behin betiko erabakia hartzeko.

Trenbideak Jundizeko industriagunearekin ere izango du lotura.

"Garai berri bat hiriarentzat"

Sustapen ministroak akordioa sinatu ostean jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuaren asmoa AHTren lanak 2023an amaitzea da; zerbitzua, aldiz, ez da urte horretan martxan hasiko, agirien, baimenen eta administrazioen jardueren menpe baitago.

Arantxa Tapia pozik agertu da akordioa sinatu izangatik, "lan garrantzitsua egin dugu eta irtenbide tekniko konplexuak bilatu ditugu" azken hilabeteotan.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren esanetan, lurralde hau "estrategikoa" da Mediterraneoko korridorearen lotura Gasteiztik pasatzeko. Bestalde, Gasteizek, eta Arabak berak, "Europako hego-mendebaldeko lotune logistiko nagusia izateko elementu guztiak dituela" gaineratu du.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen hitzetan, berriz, "une berri bat hasi da hiriarentzat". Bestalde, akordio horretan Nafarroako tren korridorearekin lotura egiteko aukera jasota dagoela azpimarratu du Urtaranek. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Abiadura Handiko Trena