Ekonomia -

Frantzia

Sindikatuek kaleko presioa igo dute Macronen erreformaren aurka

Sindikatuek diote grebarekin jarraituko dutela, Frantziako Gobernuak Pentsioen Erreformari buruzko xehetasunak aurkeztu bezperan.

Gare Du Nord tren geltokia Parisen, atzo. Argazkia: EFE
Gare Du Nord tren geltokia Parisen, atzo
Gare Du Nord tren geltokia Parisen, atzo. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen pentsioen erreformaren aurka agertu diren sindikatuek presioa igo dute eta joan den ostegunean hasi zen garraio publikoko grebaz gain, manifestazioak eta lanuzteak egin dituzte zerbitzu publikoetan astearte honetan.

Gobernuak pentsio erreformari buruzko xehetasunak eman baino egun bat lehenago, kaleko mobilizazioak bere horretan jarraitu du seigarren egunez jarraian, Estatua ia gelditu duen bigarren greba orokorrarekin batera.

Irakasleen, ikasleen eta sindikalisten presentzia handia izan bada ere, manifestazioetako parte-hartzea nabarmen jaitsi da gaur; izan ere, ostegunean 250.000 manifestari atera baziren kalera Parisen, gaur 180.000 izan omen dira.

Estatuko gainerako lekuetako manifestari kopuruan ere beherakada nabarmena izan da, aurreko astean milioi eta erdi atera baitziren kalera, eta gaur 885.000 inguru.

Ipar Euskal Herrian, 10:30ean egin dute protesta, Grand Basqueko biribilgunean, eta A63ko sarbideak itxi dituzte. Gainera, Miarritzeko aireportuan gaurko aurreikusita zeuden hogei hegaldietatik hamar bertan behera geratu dira.

Grebaren jarraipena ez da, hala ere, ostegunekoaren parekoa izan. Lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleen artean % 12ko eta % 19ko jarraipena izan du (% 62koa sindikatuen arabera), eta garraio sektorean izan da handiena grebaren eragina.

Gidarien hiru laurdenak greba egin duenez, SNCFk zerbitzuaren % 20 soilik eskaini du ibilbide ertain eta luzeetako trenen kasuan, eta Alain Kakovitch ibilbide ertaineko trenen zuzendariak esan du egoera "zaila" izango dela "astea amaitu arte".

Air Francek hegaldien % 30 utzi du bertan behera, eta EasyJet-ek % 92, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak hegaldi kopurua % 20 jaisteko eskatu ostean.

Gaur goizean, 8:00etan, Parisera sartzeko autobideetan ia 400 kilometroko auto-ilarak zeuden, astearte batean ordu horretan ohikoak diren 300 kilometroak baino askoz handiagoak, baina egun bat lehenago izan ziren 620 kilometroak baino txikiagoak.

Egoera ostegunean errepikatzeko arriskua dago, izan ere, gaur arratsaldean bilduko dira oposizioko sindikatuek kalean beste mobilizazio bat egiteko.

Pentsioen erreformaren helburu nagusia puntukako sistema batean dauden 42 pentsio-erregimenak bateratzea da, karrera profesionalean kotizatutako euro bakoitzak erretiroari begira eskubide berberak izan ditzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grebak Paris Lana Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron Sindikatuak Pentsioak Lan gatazkak