Ekonomia -
Koronabirusa
Lehiaren Euskal Agintaritza balizko gehiegizko prezioak aztertzen ari da
Hainbat lagunek eta erakundek salatu dute, azken asteotan, funtsezkoak diren produktu edo zerbitzu batzuetako prezioak igo dituztela; adibidez, gel desinfektatzaileetan.
Agentziak | Erredakzioa
Lehiaren Euskal Agintaritza koronabirusaren krisiagatik dekretatutako alarma-egoeran eskaera-igoera izan duten produktuetan izandako balizko gehiegizko prezioak ari da aztertzen; adibidez, gel desinfektatzaileen kasua du aztergai, jakinarazi duenez.
Lehiaren Euskal Agintaritzak, azken asteotan, hainbat erreklamazio jaso ditu bere posta elektronikoan (infocompetencia@avdc.eus); han, herritarrek eta erakundeek kexen berri emateko aukera dute. Salaketak jasota, egoera aztertzen hasi da, funtsezkoak diren ondare edo zerbitzuetan gerta litezkeen prezioen igoera galarazteko. Arestian esan bezala, gel desinfektatzaileak edo kutsadurak saihesteko funtsezkoa den edozein osasun-produktu du aztergai.
Lehiaren Euskal Agintaritzak zehaztu duenez, baliteke prezioa igotzea eskaria asko igo delako, eta merkatuak ezin duelako bete eskari hori: "Kasu horretan, merkatuak berak markatuko luke prezioa". Baina hori ez da oztopoa igoera hori aztertzeko, "fabrikatzaileek edo banatzaileek gehiegizko jarrerak izan litzatekeelako".
Hileta-zerbitzuetako sektorean ere gerta liteke gauza bera; izan ere, zenbait lagun zendu dira azken asteotan COVID-19 gaitzak kutsatuta. Madrilen eta Bartzelonan, adibidez, heriotza asko izan dira, eta prezioak igo dira.
Lehiaren Euskal Agintaritzak ohartarazi duenez, Lehiaren Defentsaren Legeak gehiegizko jarrerak debekatzen ditu, bai eta merkatuaren funtzionamendua alda lezaketen eragile ekonomikoen arteko akordioak ere.
Lehiaren Euskal Agintaritza administrazio-izaera duen erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia dago, eta erakunde- eta funtzio-autonomia du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da.