Ekonomia -

EiTB Focus

EAEko herritarren % 56,2ren ustez, krisiak bereziki saltoki handiak indartuko ditu

Galdetutakoen % 34,5en iritziz, aldiz, pandemiak saltoki txikiak indartuko ditu, EiTB Focusen arabera. Gainera, herritarren % 34,8 beldur dira, uste dutelako lana galtzeko arriskua dutela.

Krisiak bereziki merkataritza-zentroak indartuko ditu, herritarren % 56,2ren iritziz.
Krisiak bereziki merkataritza-zentroak indartuko ditu, herritarren % 56,2ren iritziz
Krisiak bereziki merkataritza-zentroak indartuko ditu, herritarren % 56,2ren iritziz.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 56,2k uste dute koronabirusaren krisiak bereziki saltoki handiak indartuko dituela, behar-beharrezko produktuak erosteko premiagatik, eta ez horrenbeste saltoki txikiak; % 34,5ek, berriz, pentsatzen dute pandemiak saltoki txikiak indartuko dituela, hogeigarren EiTB Focusen bigarren partearen arabera. Halaber, herritarren % 34,8 beldur dira, uste dutelako lana galtzeko arriskua dutela.

EiTB Focusek, alegia, EiTB Taldeko makroinkestak, COVID-19 gaitzak Euskadin izandako eragina du hizpide, berriro . Lehen partean (ostegunean argitaratu ziren emaitzak) ondorioztatu zuen EAEko herritarren % 68k uste dutela konfinamendua apirilaren 26tik aurrera luzatzea "egokia" izango litzatekeela; egun horretan bertan da amaitzekoa egun indarrean dagoen alarma-egoera, eta Espainiako Gobernuak ez du argitu, oraingoz, Diputatuen Kongresuan beste luzapen bat eskatuko duen ala ez.

Testuinguru horretan, inkestatuen % 56,2ren iritziz, koronabirusaren krisiak bereziki saltoki handiak indartuko ditu, alegia, merkataritza-zentroak. Herritarren % 34,5ek, baina, erantzun dute batez ere saltoki txikiak irtengo direla indartuta krisi honetatik.

Saltoki handiak ala saltoki txikiak

Euskadiko herritarren % 34,8 lana galtzeko beldur dira, eta % 60,8k, aldiz, adierazi dute ez direla horren beldur. Hemeretzigarren EiTB Focusen (martxoan argitaratu ziren emaitzak, eta COVID-19aren eragina izan zuen hark ere hizpide), antzeko emaitzak izan ziren: herritarren % 35 lana galtzeko beldur ziren, eta % 62,2, ez.

Lana galtzeko beldurrik ala ez

Pandemiari aurre egiteko moduaz galdetuta, Espainiako Gobernuaren kudeaketa "ona" da, EAEko herritarren % 36,6ren esanetan; % 29,8ren iritziz, "hala moduzkoa" da, eta % 18,5k uste dute "txarra" dela. 5,27ko batez besteko nota eman diote. Eusko Jaurlaritzaren kudeaketari dagokionez, % 51,7k esan dute kudeaketa "ona" ari dela egiten, eta % 27k, "hala moduzkoa" dela; % 5,4ren hitzetan, "txarra" da. Inkestatuek, batez beste, 6,57ko nota eman diote Jaurlaritzari.

Gobernuen kudeaketa pandemian

Konfinamendua hasi zenetik hilabete igarota, herritarrek 6,74ko nota eman diote euren gogo-aldarteari. Martxoko nota pixka bat altuagoa zen: 7,01. Nabarmentzekoa da 65 urtetik gorako herritarrek eman diotela notarik altuena euren gogo-aldarteari: 7,08, hain zuzen ere.

Gogo-aldartearen balorazioa

Bestalde, koronabirusaren krisiak familia-balioak indartuko ditu euskal etxeetan, inkestatuen % 73,4ren iritziz.

Familia-balioak indartuta ala ez

Herritarren % 27,5ek esan dute konfinamenduaren neurriak hausten ari den norbait ezagutzen dutela, eta % 67,2k, berriz, erantzun dute ez dutela ezagutzen hori egiten ari den inor. Hemeretzigarren EiTB Focuseko emaitzak antzekoak ziren; izan ere, duela aste batzuk, % 29,6k esan zuten ezagutzen zutela etxean egoteko agindua betetzen ari ez zen norbait.

Konfinamendua hausten ari den norbait

EAEko herritarren % 35,4ren esanetan, ETB2 da kanal fidagarriena krisiaren gaineko informazioa jasotzeko. % 9,9k ETB1 kokatu dute zerrenda horretako lehen postuan. Guztira, % 45,3k ipini dute ETB lehen postuan.

katerik fidagarriena

Halaber, EiTB krisian ematen ari den informazioak 7,16ko nota merezi du, inkestatuen iritziz.

EiTBrentzako nota

FITXA TEKNIKOA

LAGINA

Gizakerrek EiTBren informazio-zerbitzuetarako egindako inkesta EAEn bizi diren 400 pertsona elkarrizketatuta egin da (Arabako 125, Bizkaiko 150 eta Gipuzkoako 125).

La= ±% 4,90, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

LANDA-LANA

Landa-lana 2020ko apirilaren 13an eta 14an egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 5,66’ izan zen: motzenak 3 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 13 minutu. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus albisteak Osasun albisteak EITB Koronabirusa olatu berria