Itxi

2020/05/08

06:54

Ekonomia

Koronabirusa

Aldi baterako lan-erregulazioak ekainera arte luzatzeko akordioa lortu dute

Agentziak | Erredakzioa

CEOE patronalak, azkenean, babestu egin du akordioa, enplegua matentzeko ezarritako baldintzak begionez ikusten ez baditu ere.

1:16
Aldi baterako lan erregulazioak
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Hainbat astez negoziatzen egon ostean, aldi baterako lan-erregulazioak luzatzeko akordioa lortu dute Espainiako Gobernuak, enpresari elkarteek eta sindikatuek. Koronabirusak eragindako egoeragatik ezinbestean ezarritako aldi baterako lan-erregulazioak ekainaren 30era arte luzatzea aurreikusten du testuak. Ezinbesteko arrazoiengatik (jarduera berrekin ezin dutenen kasuan) zein partzialki (jardueraren zati bat berreskuratu dezaketenen kasuan) ezarritako aldi baterako lan-erregulazioei eragingo die luzapenak.

Atzo iluntzean aurreakordioa izenpetu ostean, gaur  sindikatuek eta enpresari elkarteek testua berretsi dute, bakoitzak bere zuzendaritza batzordeetan, eta Ministroen Kontseiluak ere akordioa onartu du.

Akordioan jasotakoaren arabera, alarma egoera dela eta aldi baterako lan erregulazioa onartu duten enpresek ezingo dituzte langileak kaleratu urte amaiera arte, eta horren ordez, Espainiako Gobernuak diru-laguntzak emango dizkie berriro ere langileak berreskuratzen dituzten enpresei. Laguntzak Gizarte Segurantzako kotizazioen bidetik etorriko dira, Gobernuak zati handi bat bere gain hartuko baitu.

Erregulazio prozesuak martxan dituzten enpresek, bestalde, ezingo dituzte lan-urte horri dagozkion dibidenduak banatu, baldin eta ez badiote itzultzen Gizarte Segurantzari ordaindu gabe utzitako kuota zatia. Dena dela, neurri hori ez da ezarriko 50 langile baino gutxiagoko enpresatan.

Lan Ministerioa

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroak akordioa txalotu du, eta bai sindikatuek eta bai patronalak "akordio orekatu" bat lortzeko "egin duten ahalegina" txalotu du. "Alde guztiei tokatu zaie amore ematea", esan du.

Itxitako akordioa enpresarientzat eta sindikatuentzat "onuragarria" izango dela zehaztu du, eta eragile guztiek erakutsitako jarrera nabarmendu du.

Sindikatuak

CCOO sindikatuek batzorde exekutiboak goizean berretsi du akordioa, eta Unai Sordo zentral horretako idazkari nagusiak esan duenez, enpleguaren suntsitzea ekiditeko giltzarria izango da ituna.

"Dudarik  gabe, herriak eta langilegoak horrelako albisteak merezi dituzte", esan du Twitterreko bere kontuan.

Ildo beretik mintzatu da UGT Euskadiko Raul Arza ere. "Pozik" agertu da itunarekin, "egungo baldintzak bi hilabetez luzatzea lortu dugulako".

Patronala

CEOE patronalak ere, azkenean, babestu egin du akordioa, enplegua matentzeko ezarritako baldintzak begionez ikusten ez baditu ere, eta, betiere, sektore bakoitzaren egoera berrikusteko baldintzarekin. 

Goizean egin duten batzarrean tentsio handia egon dela onartu du patronalak, urtea amaitu arte inor ezin kaleratzeak ezinegon eta haserre handia eragin baitu enpresaburu askoren artean.

Kontuan izan osasun agintariek korronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, zure osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;