Ekonomia -

Diru-laguntza berria

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak ez du eraginik izango DSBEaren onuradunen egoeran

DSBE errenta ez duten eta gutxieneko diru-sarrera jasotzeko baldintzak betetzen dituzten herritarrek Lanbidera jo beharko dute ekainaren 15etik aurrera laguntza eskatzeko.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak ez du eraginik izango DSBEaren onuradunen egoeran

2:12

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak bizitzeko gutxieneko diru-sarrera onetsi izanak ez du eraginik izango gaur egun Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenengan, ez eta etorkizunean errenta horretara jo dezaketenengan ere, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez.

Estaldura handiagoa Artolazabalek gainera nabarmendu du diru-sarrerak bermatzeko errentak gehiago barne hartzen duela, bai termino kolektiboetan -pentsiodunak eta legezkoak ez diren egoiliarrak-, bai zenbatekoen terminoetan (kasu bat baino ez dago DSBEan baino egoera hobean, eta kasu hori hobetzea aurreikusten zen planteatutako erreforman).

Adierazi duenez, Euskadin, 20.000 titular inguru, pentsiodunak eta erresidentzia gabeko emigranteak bezala, ez dute BGDS jasoko baina bai Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Beraz, beste erkidego batean biziko balira, ez lukete laguntzarik jasoko. "Inolako zalantzarik gabe, esan dezakegu gure DSBEa laguntza berria baino garantistagoa dela", nabarmendu du sailburuak.

Urrian prestazio berri hori eskualdatzen amaitu arte, bi gobernuek kudeaketa-agindua adostuko dute, herritarrei zerbitzua eman ahal izateko, betiere Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez.

Sailburuak zera argitu nahi izan du, "negoziazioa ez dela inoiz aurrezki ikuspuntutik planteatu". "Ez da gure kalkuluetan eta hausnarketan egon. Erreala dena zera da, Euskadik Estatuak inbertituko duela baino gehiago bideratuko duela ahulen diren kolektiboei errenta bat eskaintzeko", erantsi du.

"Negoziazioa ez da inoiz aurrezki ikuspuntutik planteatu"

Artolazabalek bi gobernuen artean egon den negoziazioa balioetsi du; negoziazioak akordio "luzea, zaila, neurrizkoa eta leiala" ekarri du. "Xehetasunez jositako lana izan da. Lan konplexua. Baina emaitzak izan ditu", azpimarratu du.

Akordio horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak ezarrita zituen hiru premisak bete ditu: "bateragarritasuna, osagarritasuna eta leihatila bakarra, Lanbiderena". "Akordio hori onuragarria da herritarrentzat eta euskal autogobernuarentzat. Efizientzia gehiago ekarriko du kudeaketan. Eta pozik gaude", gaineratu du.

Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin eta Borja Belandia Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarekin batera, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, prentsaurrekoan, honako hau nabarmendu du: "gure foru-ogasunen aitorpena lortu dugu bizitzeko gutxieneko diru-sarrerara jotzeko baldintzak ezartzeko orduan, bai eta Euskadiren eta estatuaren arteko aldebiko harremana bermatzea eta Ekonomia Itunaren sistema aitortzea ere Kupoaren negoziazioaren bidez, eta, halaber, bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketaren inguruko transferentzia lortu dugu, etorkizunean Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoaren eskualdatzea aztertzeko lehen urrats eraginkor gisa".

Gainera, Artolazabalek esan du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera egiteko, besteak beste, transferentzia horren alderdi ekonomikoen zehaztapenean aurrera egiteko.

Laguntzak nola eskatu

Artolazabalek azpimarratu du diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten egoera ez dela aldatuko. "Batzuek laguntza hori jasoko dute eta beste batzuek gutxiengo diru-sarrera izango dute", berretsi du.

Horrela, bada, orain arte Eusko Jaurlaritzaren DSBE errenta jasotzen duten pentsionistek eta etxebizitza legalik gabeko pertsonek laguntza hori izaten jarraituko dute, bizitzeko gutxiengo diru-sarrera eskatzeko kolektibotik kanpo utzi badituzte ere.

Halaber, gerta daiteke hainbat herritarrek DSBE errenta jasotzeko baldintzak ez betetzea, baina bai gutxiengo diru-sarrera eskatzeko aukera izatea.

Pertsona horiek Lanbidera jo beharko dute diru-laguntza berria eskatzeko, ekainaren 15etik aurrera. Eskaera onartuz gero,  laguntzak ekainaren 1eko atzeraeragina izango du.

Gobernuen arteko eskualdatzea gauzatu bitartean, bi nomina ezberdin izango dira, baina tramite guztiak Lanbidek egingo ditu.

Egun, DSBE errenta jasotzen ari diren herritarrek ez dute inolako izapiderik egin behar. Lanbide arduratuko da guztiaz.

DSBEari buruzko datuak:

-2020ko apirilean, guztira, 53.274 titular izan ziren.

Martxoaren aldean, 883 pertsona gehiago, % 1,7 gehiago. 2019ko apirilean zeudenak baino 933 gutxiago.

Arabak errenta horren 8.234 titular ditu.

Bizkaiak 32.348 titular ditu, guztira.

Gipuzkoak 12.692 titular ditu.

*Titularren kopuru handiena 2015eko maiatzean izan zen, 66.373 egon baitziren; harrezkero, 13.099 gutxiago dira (% 19,7): Bizkaian % 21,2, Gipuzkoan % 18 eta Araban % 16,6.

-Azken hil honetan, onuradun-kopuru osoa (titularrak eta bizikidetzaunitateko gainerako onuradunak) areagotu egin zen, eta 1.994 pertsona gehiago ziren, 95.371 arte. -DSBEaren titularren ezaugarriak 2020ko apirilean honako hauek dira:

Titularren % 18,8k laneko diru-sarreren errenta osagarria jaso du. 10.026 titular dira.

Lau titularretatik bat, % 25,3, pentsioduna da. 13.477 pertsonak osatzen dute DSBEarekin pentsioa. Azken urtean, pentsiodun-kopurua % 0,6 murriztu da.

Diru-sarrerarik ez duten familia-unitateentzako prestazioak: 29.771, guztizkoaren % 55,9.

Titularren % 58,3 emakumea da.

DSBEaren titularren batez besteko adina 50,4 urte dira. -DSBEan dauden osagarrien egoera dela eta, 2020ko apirileko banaketa honako hau da: - 9.031 pertsonak gurasobakarreko osagarria dute (% 17,0). - 25.000 pertsonak EPOa dute (% 46,9). -DSBEaren batez besteko “nomina”, apirilari dagokiona, 694,47€ izan zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Politika Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua DSBE