Ekonomia -

Gipuzkoa

Jerusalemgo tranbiaren eraikuntzaren aurkako protesta egin dute Beasaingo CAF parean

Hiri Santua eta legez kanpoko asentamentuak lotuko dituzten tranbia linea berriak eraikiko ditu CAFek. Enpresa gipuzkoarrak Akziodunen Batzarra egin du larunbat honetan.

Protesta CAFeko Beasaingo egoitzaren aurrean. Argazkia: EiTB
Protesta CAFeko Beasaingo egoitzaren aurrean
Protesta CAFeko Beasaingo egoitzaren aurrean. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka lagun bildu dira larunbat honetan Beasaingo CAF enpresaren egoitzaren parean, konpainia horrek Jerusalemen eraikiko dituen tranbia linea berrien proiektuaren aurka protesta egiteko. Hiri Santua eta legez kanpoko asentamentuak lotuko dituzten tranbia linea berriak eraikiko ditu CAFek, eta kontratu horren kontra egiteko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, langileek barne, CAFek Akziodunen Batzarra egin duen egun berean.

Jerusalem Ekialdea eta Okupatutako Palestinako Lurraldeetan kokatutako asentamentuak lotuko dituen tranbiaren luzapenak kritika anitz eragin ditu Europako Batzordearen, giza eskubideen aldeko hainbat elkarteren eta baita langileren partetik ere. Koronabirusa gorabehera, proiektuak aurrera jarraitzen du Jerusalemen, eta ez da atzerapenik izan.

Gaurko protestan parte hartu dutenek proiektu horri uko egiteko eskatu diote CAF enpresari, "Palestinaren aurkako erasoa" delakoan, eta "giza eskubideen urraketa". Gainera, Israelekin lotutako kontratu horrek etorkizunean kalterik ekarriko dieten beldur dira CAFeko langileak.

BIDEOA: CAF enpresak eraikiko dituen tranbiaren linea berrien lanak aurrera doaz Jerusalemen:

CAF enpresak eraikiko dituen tranbiaren linea berrien lanak aurrera doaz Jerusalemen
CAF enpresak eraikiko dituen tranbiaren linea berrien lanak aurrera doaz Jerusalemen
CAF enpresak eraikiko dituen tranbiaren linea berrien lanak aurrera doaz Jerusalemen

1:14

Akziodunen Batzar Nagusia

CAFek Akziodunen Batzar Nagusia egin du larunbat honetan. Idoia Zenarrutzabeitia kontseilari izendatu dute, KutxaBanken izenean, eta Mayoral arropa enpresari eserlekua eman diote, CAFeko % 5a erosi ostean. Manuel Dominguez de la Maza Mayoral enpresako jabeak hartuko du eserleku hori.

Osasun- eta ekonomia-krisia gorabehera, 9.000 milioi euroko eskariak ditu enpresak. Gainera, hainbat tren eraikitzeko kontratu batzuk ditu pendiente (adibidez, Erresuma Batukoa), edo Espainiako Renfeko Hurbileko trenak berritzeko kontratua.

CAFek jakinarazi duenez, alarma egoerari aurre egin dio enpresak aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak egin gabe. Gainera, lan-egutegia egokitu du 2020rako aurten eta datorren urte artean egin gabeko ekoizpena berreskuratzeko helburuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
CAF Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Beasain Albisteak Israel Palestina Manifestazioak Jerusalem