Ekonomia -
Araba
Ribagudak Euskadiko eguzki zentralik handiena hartuko du
Iberdrolak gidatuko du proiektua, eta energia garbiagoen eta berriztagarriagoen hornikuntzan aurrera egiteko balioko du.
Radio Euskadi | eitb.eus
Euskadik eguzki zentral berri bat izango du Arabako Ribaguda herrian, Erribera Beherea eta Armiñon udalerrien artean, Radio Euskadik jakin ahal izan duenez.
Urtebetean 60.000 etxetan kontsumitzen den energia sortuko du instalazioak. Eusko Jaurlaritzak EEEren bidez parte hartuko du proiektuan, eta Iberdrolak hartuko du inbertsioaren zatirik handiena. Energia garbiagoen eta berriztagarriagoen horniduran aurrera egiteko balioko du.
Instalazioa duela urte erdi Arasurren martxan jarri zen Ekian zentralaren ondoan egongo da. Instalatu behar duten zentralak aise gaindituko du Ekianek sortzen duten potentzia, izan ere, Ekianeko 24 megawatten aurrean, instalazio berriak 100 megawatt elektriko sortuko ditu, hau da, Ekianek baino lau aldiz gehiago.
Datorren asteazkenean, dozenaka mila panel fotovoltaiko izango dituen parke berri horren inguruko xehetasun gehiago emango dituzte.
Sustatzaileek Arabako hegoaldea aukeratu dute, Euskadin eguzki-ordu gehien dituen eremua delako, eta laua delako, instalaziorako egokia. Ribagudako instalazio horrek energia berriztagarrien ekoizpena handitzen jarraitzeko balioko du. Helburua da 2030ean kontsumitzen dugun energia guztiaren herena iturri garbietatik etortzea.