Ekonomia -
TEKNOLOGIA
Guuk, euskal telekomunikazio operadore berria
Gaur bertan jarri da martxan Mas Movilek eta Dominionek sortu duten konpainia berria. Hego Euskal Herrian emango du zerbitzua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guuk izendatu duten telekomunikazio operadore berria sortu dute Mas Movil eta Dominion konpainiek, eta Hego Euskal Herrian emango du zerbitzua. "Hemengoek eta hemengoentzat" sortutako operadorea dela esan dute arduradunek, Bilbon, goizean egin duten aurkezpen ekitaldian. "Operadore berri honek bertako marka gisa aurkezten du bere burua, hurbilekoa, baina bereziki ezberdina, berritzailea eta modernoa, tradizioa eta etorkizuna uztartzen baititu. Bere goiburuaren bidez, Konekta gaitezen berriro, gure nortasunarekin konektatu nahi gaitu berriz ere", esan dute.
Donostian izango du egoitza soziala, eta Bilbon nagusia. 1,7 milioi euroko kapital soziala jarri dute bi akziodunek, % 70 Mas Movilek, eta % 30 Dominionek. Jon Ander de las Fuentes Guukeko presidenteak eta Euskalteleko finantza zuzendari izandakoak, eta Juanan Goñi operadore berriko kontseilari ordezkariak eta orain arte Dominion konpainiako alor digitaleko zuzendaria izan denak aurkeztu dute proiektua hedabideen aurrean.
De las Fuentesek azaldu duenez, EAEn eta Nafarroan "4G+ mugikor-sarea eta abiadura handiko zuntz optikoko sare propioak dauzkan bertako operadorea da Guuk". Epe laburrean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan dendak zabalduko ditu, bezeroei arreta zuzena eskaintzeko, eta, aurrera begira, beste 115 saltoki martxan jartzea aurreikusten dute hainbat herritan, horietako batzuk beste operadore batzuekin partekatutako dendak izango dira.
Dominion konpainiak 2017an erositako Phone House kateko dendak ez dituztela erabiliko ziurtatu dute.
100 langile baino gehiago
Xehetasun handiegitan sartu gabe, operadore berrian lan egiteko 100 bat langile kontratatuko dituztela esan dute arduradunek. Ez omen dira Mas Movileko eta Dominioneko langileak izango, kontratazio berriak baizik. Bezeroen arretarako zerbitzuan eta alor komertzialean arituko dira gehienak.
Hain zuzen, bezeroei eskainiko dieten arretan jarri du azpimarra De las Fuentesek, euren "indargunea" hori izango dela esanez. Zerbitzua euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dutela ere ziurtatu du.
'Konekta gaitezen berriro' goiburupean jaio da egitasmoa, eta lelo horren zergatia ere azaldu dute, goizeko aurkezpenean: "proiektu identitarioa da, eta hemengo pertsonekin konexioa berreskuratu egin nahi dugu".
Operadoreen arteko lehia handia da Hego Euskal Herrian, eskaintza zabala baita oso. Halere, Guuk konpainian uste dute oraindik badagoela hutsune bat, eta ukatu egin dute Euskalteli espreski lehia egin nahi diotenik. "Bertako herritarrengan, autonomoengan eta enpresa txikiengan" dute begirada jarrita.