Ekonomia -

Greba hezkuntzan

Jangela, garbiketa eta garraioko azpikontratak: "Sailak ez gaitu aintzat hartu"

Salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez zituen atzoko bilerara deitu, eta ez die erantzunik eman eskatu zaizkion beste batzarrei. Hala, hilaren 15eko grebarekin bat egingo dutela iragarri dute.

Bilbon egindako elkarretaratzearen une bat. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Bilbon egindako elkarretaratzearen une bat.
Bilbon egindako elkarretaratzearen une bat. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza alorrean azpikontratatuta lan egiten duten jantokietako, garbiketa alorreko eta eskola garraioko langileen ordezkarien ustez, Hezkuntza Sailak ez ditu "aintzat hartu" koronabirusaren alorrean prestatutako protokoloak eta horren inguruan hartutako erabakiak.

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon hilaren 15erako deituta dagoen grebarekin bat egingo dutela iragartzeko.

LAB sindikatuko bozeramaileak azaldu du ikasturtea amaitu baino lehen bilera eskatu ziotela Cristina Uriartek gidatzen zuen sailari. "Ez genuen erantzunik jaso", deitoratu du. Horrez gain, Jokin Bildarratz sailburu berriak atzo hezkuntza komunitateko hainbat eragilerekin deitutako bilera sortan parte hartzeko deirik ere ez dutela izan salatu du.

"Enpresa pribatuentzat egiten dugu lan, azpikontratatutako langileak gara, baina ikastetxeetan egiten dugu lan eta horien azken arduraduna Hezkuntza Saila da. Gure lana esentziala da irakaskuntza baldintza normaletan garatzeko", azaldu du.

Hala, hainbat neurri eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari. Garbiketari dagokionez, "txanda gehiago jartzea eta garbiketen maiztasuna handitzea" eskatu dute. Izan ere, enpresek ez dute ziurtatu bajak erabat beteko dituztenik, eta horrek ekar lezake zenbait ikastetxeetan aurreikusitako garbitzaileak baino gutxiago egotea, nahiz eta hori epidemiologikoki "arriskutsua" izan.

Jangelei dagokienez, "begirale gehiago kontratatu behar dira" eta "lanaldiak luzatu", horien esanetan. "Zoritxarrez, ez dirudi ratioak jaitsiko direnik edo kontratazio berririk egingo denik", deitoratu dute.

Hainbat ikastetxetan jantokirik ez dagoela eta, sindikatuek azaldu dute Hezkuntza Sailak zentro bakoitzaren esku utzi duela "zerbitzua emateko erabakia". Salatu dutenez, "Sailak ez du bere eginkizuna bete, eta jangeletan segurtasun neurriak bete ezin dituzten zentroek zerbitzua kentzea erabaki dute".

Eskola garraioa hizpide hartuta, LABek esan du 6 urtetik gorako umeentzat maskara derrigorrezkoa izateaz gain ez dela beste neurrik hartu, baina autobusen edukierari dagokionez, % 100 betetzen direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Eusko Jaurlaritza ELA albisteak LAB Grebak EAE Gaixotasunak bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasunari buruzko albisteak Protestak gaur Sindikatuak Umeak Langile Komisioak azken ordukoa UGT Langileen Batasun Orokorra Lan gatazkak Koronabirusa