Ekonomia -
Kutxa Bank
Euskal kutxek gaur onartuko dute behin betiko bat-egitea
Aurrezki kutxen asanbladek Bildurekin lotutako akordioa berretsiko dute. Kutxa berriaren izaera publikoa mantentzea eta gizarte ekintzara epe mugarik gabe etekinen % 30 bideratzea adostu zuten.
Erredakzioa
BBK, Kutxa eta Vitalen hiru asanbladek gaur onartuko dute behin betiko bat-egite hotza, Kutxa Bank bankua ekarriko duena.
Hiru erakundeetako asanbladek Bildurekin adostutako akordioa berretsiko dute, izan ere, aurreko asanbladetan ez zen epe legalik izan hasierako bat-egite kontratuan egindako aldaketak sartzeko.
Bat-egiterako saiakerak bermatua zuen BBKren eta Vitalen asanbladetako bi herenen babesa, EAJ, PSE-EE eta PP alde agertu direlako.
Kutxan, berriz, ezker abertzalearen esku zegoen erabakia, baina irailean iragarri zuten bat-egite prozesua babestuko zutela hasierako akordioan aldaketa batzuk egitearen truke.
BBKk eta Vitalek iragan irailaren 16an eman zioten argi berdea bat-egite hotzari; Kutxak, berriz, irailaren 23an egin zuen.
Bildurekin adostu zituzten aldaketen helburua banku berriaren izaera publikoa mantentzea eta gizarte ekintzara bideratuko den portzentajeari epe mugarik ez jartzea izan zen.
Gaur onartuko duten akordioaren arabera, Kutxa Bankek bere gain edukiko ditu beti akzioen % 51 gutxienez, beraz, hiru kutxen kontrolpean egongo da beti bankua.
Hasierako akordioan zehazten zenez, hiru euskal kutxek lortzen zituzten etekinen % 30 gizarte ekintzara bideratzeko beharrak hiru urteko epe muga zuen, baina Bilduren itunari esker, betirako geratuko da neurri hori.
Gaurko onarpenarekin, abian izango da Kutxa Banken sorkuntza. Kutxen aktibo eta pasibo guztiak jasoko ditu, gizarte ekintzari eta ondare artistikoari lotutakoak izan ezik.
Espainia mailan, Kutxa Bank laugarren kutxa handiena izango da 75.729 milioi eurorekin.
BBKren esku geratuko dira partizipazioen % 57, Kutxaren esku % 32 eta Vitalena izango da % 11.
LABek ez du akordioa babestuko
LAB sindikatuak iragarri du ez duela babestuko akordioa eta abstentzioa emango duela hiru asanbladetan egingo dituzten bozketetan.
Hala ere, LABek, agiri batean azaldu duenez, begi onez ikusten du kutxek Bildurekin lotutako akordioa, "erakunde berriaren pribatizazioari atea ixten diolako, gizarte ekintza bermatzen delako eta langileen iritzia aintzat hartuko dutelako negoziazio alorrari dagokionean".