Ekonomia -

Zarratuta, COVID-19a tarteko

Itxiera ezarri aurretik laguntzak zehaztuta ez izatea kritikatu dute ostalariek

Gipuzkoako zein Bizkaiko elkarteetatik diote eurak ez direla kutsatzeen errudun, eta zarratzeko erabakia "azken kolpea" izango dela taberna eta jatetxe askorentzat.

EAEko taberna eta jatetxeak itxita egon beharko dira larunbatetik aurrera. Argazkia: EFE
Iruñeko taberna bat, etxera eramateko janaria eskaintzen, itxiera eta gero.
EAEko taberna eta jatetxeak itxita egon beharko dira larunbatetik aurrera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatetik aurrera, eta koronabirusaren hedatzea geldiarazten saiatzeko, EAEko taberna eta jatetxe guztiak itxita egon beharko direla eta, oso kritiko azaldu da ostalaritza sektorea, Jaurlaritzak ez duelako laguntza plana oraindik zehaztu eta erabakiak establezimendu askorentzat "azken kolpea" izango delako.

Mikel Aiestaran Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko Kudeaketa zuzendariak Euskadi Irratian aitortu duenez, erabakiarekin "etsita eta haserre" daude, eta askorentzat  "azken kolpea" izango dela nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako ostalarien ustez, epe motzera 1.000 lokal itxiko dituzte, eta lanpostuen % 25 galduko da, hau da, 16.000 lanpostu. Aiestaranek nabarmendu du osasun egoera dela lehentasuna da, baina "bidegabetzat" jo du erabakia, "frogatua" baitago taberna eta jatetxeek "segurtasun neurri guztiak bete" dituztela,  eta ez direla kutsatzeen "foku garrantzitsuena" izan.

Antzeko adierazpenak egin ditu Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko kudeatzaileak Radio Euskadin. Nabarmendu duenez, taberna eta jatetxeek "gauzak ondo" egin dituzte birusaren hedatzea saihesteko. "Ez dago datu zehatzik esateko ostalaritza ixtea dela arazoaren konponbidea. Katalunian 15 egun daramatzate itxita eta kutsatzeak ez dira txikitu, Madrilen, aldiz, hobera egin du osasun egoerak, eta ez dituzte tabernak zarratu", azaldu du.

"Guretzat, osasun arlotik zaila da erabaki batzuk eztabaidatzea, baina plan zehatz bat eskatzen dugu. Ez du balio esatea laguntzak aztertuko dituztela, horrek denbora eskatzen duelako, eta sektoreko profesionalek ordainketei aurre egin behar dietelako", kritikatu du.

Era berean, uste du itxiera larunbat baterako ezartzea "Jaurlaritzaren sentsibilitate faltaren beste adibide bat" dela. "Ixtea erabakitzen bazen, neurria astelehenetik aurrera ezartzea eskatzen genuen guk, horrela astebururako salgaiak erosita zituzten horiek ez dituzte zakarrontzira bota beharko", deitoratu du.

Azkenik, azpimarratu du orain arte eskaini dizkieten finantzazio lerroak ez direla lagungarriak "gehiago zorpetzea" dakartelako. Are, bankuek maileguak ematen ez dituztela salatu du, "ostalaritzako balantzeek ez dituztelako estandarrak betetzen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gaixotasunak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa Dirulaguntzak Euskadin