Ekonomia -

LAN GATAZKA

Aernnovako langileek greba eguna dute gaur, kaleratzeen aurka

Berantevillako lantegiko enpresa batzordeak beste bi greba egun deitu ditu aste honetarako: abenduaren 22an eta 23an. 82 kaleratzeak atzera botatzea eskatzen dute.

Aernnovako langileak pankartaren atzean, gaur Gasteizen. Argazkia: @LAB_INDUSTRIA
Aernnovako langileak pankartaren atzean, gaur Gasteizen.
Aernnovako langileak pankartaren atzean, gaur Gasteizen. Argazkia: @LAB_INDUSTRIA

O.A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetarako deitutako hiru greba egunetako lehendabizikoa dute gaurkoa Aernnovaren Berantevillako lantegiko beharginek. Gainera, elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzaren aurrean, haren "inplikazioa" eskatzeko eta kaleratzeak saihesteko laguntza eskatzeko.

Abenduaren 21ean, 22an eta 23an greba egingo dute Aernnovaren Berantevillako lantegiko langileek, enpresak otsailaren 1etik aurrera 82 langile kaleratu nahi dituela salatzeko. Sindikatuek ohartarazi dutenez, enpresak ez badu enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera botatzen, auzitegietara joko dute.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan elkarretaratzea egin zuten larunbat goizean, zuzendaritzak aurkeztutako espedientea bertan behera uztea eskatzeko. Hain zuzen ere, ostiralean amaitu zen kontsultarako epea, eta ez zuten adostasunik lortu zuzendaritzarekin.

Hasiera batean 101 langileri eragin behar zion enplegu-erregulazioko espedientea 82ra murriztu dute. Otsailaren 1etik aurrera hasiko lirateke kaleratzeak.

Juan Carlos Gomez enpresa batzordeko presidentearen hitzetan, batzordea beste neurri batzuk onartzeko prest dago (aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea (ABEEE), murrizketak lanegunetan aplikatzea, bajak eta eszedentziak), baina ez neurri "traumatikoak".

Salatu zuenez, enpresako arduradunek ez dute negoziatu nahi izan inolako alternatibarik.

Era berean, erakundeek Aernnovaren egoeraren aurrean izan duten jarrera "lotsagarria" izan dela esan zuen. Gomezen arabera, enpresak 150 milioi euro jaso ditu aurrekontu publikoetatik, eta tamalgarritzat jo zuen, hori horrela izan arren, erakundeek kaleratzeak geldiarazteko esku hartu ez izana.

Enpresa batzordeko buruaren esanetan, Europa osoan koronabirusaren kontrako txertaketaren hasiera dela eta, aurreikuspen ekonomikoak hobetzen hasi dira, eta aeronatikaren sektoreak izango duen eskariaren aurreikuspenak ere hobera egin du. Beraz, egoera hori aintzat hartuta, "Aernnovaren erabakiak ez du justifikaziorik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Grebak Lana Enplegu-erregulazioko espedienteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan gatazkak