Ekonomia -

Zaldibarko zabortegia

Jaurlaritzak Verterri egotzi dio Zaldibarko uretan eta lurzoruan eragindako kaltea

Zabortegia kudeatzen duen enpresak hamar eguneko epea (bost eguneko luzapenarekin) du Zaldibarren eragin dituen ingurumen arazoak onbideratuko dituen proiektu bat aurkezteko.

Zaldibarko zabortegia. EFEren artxiboko irudia
Zaldibarko zabortegia
Zaldibarko zabortegia. EFEren artxiboko irudia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari egotzi dizkio Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren ondorioz inguru horretako lurzoruetan eta gainazaleko zein lurpeko uretan sortutako "kalte garrantzitsuak". Otsailean jazotako ezbehar hartan bi langile hil ziren.

Jaurlaritzaren ebazpenak zabortegian eragindako kalteen erantzule egin du Verter. Hori horrela, zabortegia kudeatzen duen enpresari hamar eguneko epea (bost eguneko luzapenarekin) eman dio Zaldibarren eragin zituen ingurumen arazoak onbideratuko dituen proiektu bat aurkezteko.

Ebazpenean zehaztu dute "gainazaleko eta lurpeko uretan eta lurzoruetan kalte handiak" eragin zituela otsaileko hondamendiak.

Lurpeko urei dagokienez, esaterako, kalitate arauak hausten dituzten emaitzak jaso dituzte.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Verter Recycling enpresari eskatu zion zabortegian gertatutako ezbeharrak eragindako ingurumen kalteei buruzko txosten bat aurkezteko. Ekainean aurkeztu zuten txosten hori, baina zenbait kontu zuzentzeko galdegin zion Jaurlaritzak Verterri.

Hala, azaroaren 11n bigarren txosten bat aurkeztu zuen. Horren arabera, hondamendiak ez zien espezie basatiei eta habitat babestuari kalte nabarmenik eragin, ezta gainazaleko urei ere. Halere, enpresak onartu zuen lur azpiko uretan kalteak eragin zituela "aldizka neurturako nitrato kopuru handiengatik". Lurzoruari buruz, ordea, ez dute daturik eman, ezin izan dutelako kalitatea nertzen duen ikerketarik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Eusko Jaurlaritza Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zaldibar Ingurumena Ura Euskadiko kutsadura gaur Durangaldea azken ordukoa Lur-jausiei buruzko albisteak