Ekonomia -

GIPUZKOA

Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute, merkatuen etorkizuna bermatzeko proiektua

Gipuzkoako 16 udalerrik hartuko dute parte ekimenaren lehen fasean; etorkizunean, Gipuzkoa osora eta Euskal Autonomia Erkidegora zabaltzea da helburua.

"Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute, merkatuen etorkizuna bermatzeko proiektua". Argazkia: Irekia
"Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute, merkatuen etorkizuna bermatzeko proiektua"
"Gipuzkoako Azoken Sarea sortu dute, merkatuen etorkizuna bermatzeko proiektua". Argazkia: Irekia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzarekin, Landa Garapen Elkarteekin eta Elika Fundazioarekin elkarlanean, Gipuzkoako Azoken Sarea proiektua jarri du martxan, Gipuzkoako herrietako azokak aztertu, indartu eta horien etorkizuna bermatzeko. Prozesu horren bidez, azoka bakoitzaren etorkizunerako erronkak eta ekintza plana adostuko dira, eta guztien artean Gipuzkoa osorako ikuspegi orokor bat landuko da.

Proiektua Elhuyar, Eurogap eta Ikertalderen laguntzarekin gauzatuko da, eta ekimenaren lehen fasean 16 udalerrik hartuko dute parte: Azkoitia, Azpeitia, Arrasate, Beasain, Bergara, Donostia, Deba, Eibar, Errenteria Hondarribia, Legazpi, Oñati, Ordizia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Etorkizunari begira, helburua egitasmoa Gipuzkoa osora eta autonomia erkidego osora zabaltzea da.

Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta bitarteko eragileek (Landa Garapeneko Elkarteak eta Elika Fundazioa) urteak daramatzate hurbileko nekazaritza eta merkaturatze-zirkuitu laburren alde lanean eta ekoizleek etekin ekonomiko handiagoa lortzeko bide berriak aztertzen. Ildo horri jarraituz sortu da proiektu berria, merkatuak bultzatzeko.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak nabarmendu duenez, "une egokia da ekimena martxan jartzeko, Europatik ekoizleen alde datorren joera ikusita. Europako Batzordeak, Europako Itun Berdearen esparruan, onartu berri duen Baserritik Mahaira Estrategiak elikagaien segurtasuna eta dieta osasuntsuak eskuratzea babestuko duen elikadura-sistema jasangarrirako trantsizioa defendatzen baitu".

Azaldu duenez, estrategia hori gobernu planean txertatuta dago eta elikagaien ekoizpen "jasangarriagoa, osasungarriagoa eta seguruagoa" bultzatuko du, "elikadurarekin gero eta sentikorragoak eta zorrotzagoak diren eta gure produktuekiko eta sektorearekiko hurbiltasuna eta konfiantza baloratuko dituen herritarren eskakizunei" erantzuna emanez.

"Horretarako, ezinbestekoa da elkarlanean aritzea eragile guztiekin, publikoekin zein sektorekoekin, eta gaur aurkeztu dugun sare hau Euskadi osora zabaltzea da asmoa, Euskal Azoken Sarea eratuz", adierazi du Orozek.

Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariaren arabera, "Gipuzkoa aitzindaria" izango da egitasmo honetan, "lurraldeko azoka kopurua eta horiek gizartean, ekoizleentzat zein erosleentzat" duten garrantzia dela eta. "Gure produktuei balio erantsi handiagoa emateko lanean ari gara, horiek eraldatuz eta berrituz, eta tokiko produktuen eta hurbileko salmentaren garrantzia nabarmenduz", gaineratu du.

Arrutiren arabera, Gipuzkoako Azoken Sarearekin "bultzada handi bat eman nahi zaie azokei, hausnarketa bat eginez, eta partaidetza prozesuen bitartez lan-ildo nagusi bat eta ekintza-plan bat sortuaz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Gipuzkoa Eibar Eusko Jaurlaritza Azpeitia Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa Zarautz Arrasate Hondarribia Ekonomia Eguneko albisteak Errenteria Zumarraga Azkoitia Bergara Ordizia Oñati Beasain Deba Albisteak Legazpi Ingurumena Nekazaritza Merkataritza Euskadiko feriak