Ekonomia -

Barne Produktu Gordina

Espainiako BPGk % 11 egin du behera, Gerra Zibiletik izandako jaitsierarik handiena

Hala ere, beherakada Espainiako Gobernuak aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da (% 11,2). Frantziako ekonomiak % 8,3 egin zuen behera 2020an, Bigarren Mundu Gerratik jaitsierarik handiena.

Enpresak itxita iragan martxoko itxialdian. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Enpresak itxita iragan martxoko itxialdian. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Enpresak itxita iragan martxoko itxialdian. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sei urtez jarraian hazkundea izan ondoren, Espainiako Barne Produktu Gordinak (BPG) % 11 behera egin zuen 2020an, covid-19 pandemiak jarduera ekonomikoan izandako eraginaren ondorioz; Gerra Zibilaz geroztik jaitsierarik handiena da, Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) arabera.

Hala ere, beherakada Espainiako Gobernuak aurreikusitakoa baino zertxobait txikiagoa izan da (% 11,2).

Jaitsieraren 11 puntuetatik 9 eskaera nazionalaren (kontsumoa eta inbertsioa) ardura dira. Bigarren hiruhilekoko itxialdi gogorrak ekitaldi guztia baldintzatu du.

Kanpo eskaerak (esportazioak eta inportazioak) ekarpen negatiboa egin zuen: 1,9 puntu.

INEk laugarren hiruhilekoko bilakaera ere argitaratu du. BPGk % 0,4 egin zuen gora aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, nahiz eta iragarpenek atzeraldi txiki bat aurreikusi.

Laugarren hiruhilekoan eskaera nazionalak puntu bateko ekarpena egin zuen, baina kanpo eskaerak 0,6 puntu kendu zituen.

Eskaera nazionalaren barnean kontsumoak ekonomiari eutsi dio; izan ere, etxeetako kontsumoak % 2,5 egin zuen gora, eta % 4 administrazio publikoarenak.

Inbertsioak, ostera, % 6,2 behera egin zuen. Etxebizitzan eta eraikuntzan % 6,3ko jaitsiera izan zen, eta enpresa inbertsioan % 1,5.

Kanpo sektorean, esportazioak % 1,4 jaitsi ziren; inportazioak, aldiz, % 0,4 hazi ziren.

Enpleguak, lan egindako orduei dagokienez, % 0,5 egin zuen gora laugarren hiruhilekoan, baina urtean % 6,3 egin zuen behera.

Lanaldi osoko lanpostuek % 5,4 behera egin zuten. Honenbestez, lanaldi osoko 1.009.000 lanpostu deuseztatu dira urtebetean.

Laugarren hiruhilekoan izandako hazkundeak (% 0,4) ekonomia duela urtebete baino hobeto dagoenik ez du esan nahi; izan ere, BPG % 9,1 jaitsi da, eskaera eta eskaintza osagai guztietan beherakada handiekin.

Soldatek % 3,6 egin dute behera laugarren hiruhilekoan, soldatapekoen kopuruak % 5,6 behera egin duelako. Soldatapeko bakoitzeko ordainsariak, aldiz, batez beste % 2,1 egin zuen gora.

Frantziako ekonomiak % 8,3 egin zuen behera 2020an

Era berean, Frantziako ekonomiak % 8,3 egin zuen behera 2020an, INSEE bertako Estatistika Institutuak jakitera eman duenez.

Laugarren hiruhilekoan, barne produktu gordinaren (BPG) jaitsiera % 1,3koa izan zen, aurrekoan % 18,2ko hazkundea izan ondoren.

Itxialdiaren unerik txarrenean, bigarren hiruhilekoan, BPGren jaitsiera % 11,6koa izan zen. 2019an % 1,5 egin zuen gora.

Bigarren Mundu Gerratik beherakadarik handiena da; hala ere, INSEEk aurreikusitako baino zertxobait txikiagoa da (% 9), ekonomiak hobeto eutsi ziolako urteko azken hiru hilabeteetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Langabezia Paris Lana Espainiako Gobernua Espainia Frantzia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril Enpresaburuak Frantziako Gobernua BPGd