Ekonomia -

KORONABIRUSA

Jaurlaritzaren ustez "larria" da Auzitegiak arrisku epidemiologikoa baloratzea

Zupiriak azpimarratu du adituak direla neurriak proposatzen dituztenak, "aurreko olatuetako esperientzian oinarrituta", eta "emaitzak egiaztatzen" ari direla.

Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: EFE.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua
Jaurlaritza:'Bereziki larria da epaimahai batek arrisku epidemiologikoa baloratu izana'

4:21

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak salatu du "larria" dela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrisku epidemiologikoa baloratzea. Azpimarratu du adituak direla neurriak proposatzen dituztenak, "aurreko olatuetako esperientzian oinarrituta", eta "emaitzak egiaztatzen" ari direla.

Auzitegiak gune gorrietan ostalaritza irekitzeko baimena eman eta ordu batzuetara Bilbon eskainitako prentsaurrekoan, Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak agiri bat irakurri du autoari erantzuteko.

Adierazpen horretan, Jaurlaritzak kritikatu du "tresna bat gutxiago" izango dutela pandemiaren "arriskua"ri aurre egiteko, eta are gehiago "inauteri garaia" izanda.

Hori dela eta, "ardurarako deia" egin du, "arrisku handiko" egoera delako: "Izan gaitezen solidarioak osasun pertsonala eta kolektiboa zaintzen".

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren helburua intzidentzia tasa 60tik behera kokatzea dela berretsi du, eta horri begira hartu dituztela neurriak, Lurralde Arteko Kontseiluan adostutakoan, Europako eta nazioarteko jarraibideak, eta Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuetan oinarrituta.

Era berean, neurri guztiak "adituz osatutako LABIko batzorde teknikoak eta Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalek" egindako proposamenak jarraituz hartu dituztela azpimarratu du. Ostegunean bilduko da LABI, eta ostiralean iragarriko ditu Jaurlaritzak neurriak.

Autoaren aurka helegitea aurkezteko aukeraz galdetuta, Zupiriak erantzun du zerbitzu juridikoek aztertuko dutela ea autoak "pandemiari aurre egiteko eskumenetan eragina izango ote duen". Dena den, argi adierazi du erabakia "errespetatzen" dutela, baina ez datozela bat.

Berme juridikoa "zalantzan"

Agerraldi horren aurretik, Zupiriak beste prentsaurreko bat eman du, eta bertan esan du autoak Euskadiren berme juridikoa "zalantzan" jartzen duela, egungo pandemia-egoerari "aurre egiteko" beharrezkoak diren neurri guztiak hartzeko.

Bozeramaileak gaineratu du Auzitegi Gorenaren erabakia "kautelazko neurriak eskatzen dituen salaketa baten ondorio dela, eta ez dela auziaren muinean sartzen"; izan ere, "dagokionean, ebazpen edo epai baten bidez, txostengileak argitu beharko du".

"Datozen hilabeteetan bizi eta elkarrekin bizi beharko den egoera" aipatu ostean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ohartarazi du, "erabaki judizialaren zentzua edozein izanda ere, uneoro errespetatu beharko dituela ezarrita dauden eta kontuan hartu beharko dituen osasun-neurriak", eta, horrez gain, "mugikortasun-murrizketak eta ezarrita dituzten pertsonen arteko topaketak ere errespetatu beharko dituela".

Zupiriaren ustez, astearte honetan ezagututako erabaki judizialak "berriro" ireki du "botere autonomikoek kasu bakoitzean dagozkien neurriak hartzeko duten benetako gaitasunaren" inguruko eztabaida.

Zentzu horretan, gogorarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak "pandemia egoera hau hasi zenetik" behin eta berriz esan duela Euskadik "osasun egoerari kasu bakoitzean erantzuteko tresna guztiak" izan nahi zituela eta neurriak "berme juridiko osoz" hartu nahi zituela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Koronabirusa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak