Ekonomia -
Lan gatazka
Haurreskoletako grebaren jarraipena % 70ekoa da, sindikatuen esanetan
Euren helburuak lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela nabarmendu eta itauna bota diote Jokin Bildarratz sailburuari: ea zertan geratu diren zerbitzuaren doakotasuna lortzeko iragarritako pausoak.
E. G. | EiTB Media
ELAk, LABek eta STEILASek "oso positibotzat" jo dute Haurreskolak Partzuergoan egindako hiru greba egunen jarraipena— % 70ekoa izan da, euren hitzetan— eta Jaurlaritzak ezarritako "gehiegikeriazko zerbitzu minimoak" salatu dituzte.
Gaurkoa jarraian egin duten hirugarren lanuztea da, baina abendutik, zortzigarrena. Sindikatuek deituta, langileek manifestazioa egin dute Gasteizen, Jaurlaritzak duen egoitzaren aurretik, horren "isiltasuna" salatzeko.
Iragarri dutenez, euren helburuak lortu arte "borrokan" jarraituko dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren jarrera negoziatzailea salatu dute. Izan ere, abenduan mobilizazioen dinamika hasi zenetik, Bildarratz duen Sailak ez du negoziatu nahi izan. "Bien bitartean, buruzagiek aldebakarreko erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute, langileen lan-baldintzak okertu eta Haurreskolak Partzuergoa bera arriskuan jartzeko", kritikatu dute.
ELAk, LABek eta Steilasek Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari eskatu diote argi eta garbi hitz egin dezala Haurreskolen etorkizunari buruz, eta argi dezala non geratu den Eusko Legebiltzarrak Haurreskolak Partzuergoaren kuotetan hobariak aplikatzeko egin duen eskaera, pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei edo hezkuntza-zerbitzu hori guztiz doakoa izateko ematen ari diren urratsei dagokienez.
Honakoak dira, besteak beste, sindikatuon eskakizunak: Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean, lortutako akordioak errespetatzea eta betetzea, lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea, langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea eta aurrekontua handitzea.
Haurreskoletan ez ezik, eskola garraioan eta jangeletan ere mobilizazioak deitu ditu ELAk.
Haurreskolak Partzuergoko langileek greba eguna dute gaur, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek deituta. Gainera, eskola garraioan eta jangeletan ere mobilizazioak deitu ditu ELAk.
Esan bezala, otsailean haurreskoletan egin duten hirugarren lanuzte eguna da gaurkoa, astelehenean eta asteartean ere jarduna eten baitzuten hainbat aldarrikapen tarteko: akordioak betetzea, hitzarmen berri baten negoziazioa, langileen egonkortasuna, hezkuntzaren doakotasuna eta integrazioa... Horretarako, "Gure etorkizunaren defentsan, Haurreskolak Partzuergoa borrokan" leloa izan dute lagun.
Halaber, jantokietako eta eskolako garraioko langileek mobilizazioak antolatu dituzte gaurko, ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta itunpekoetan. ELAk salatu duenez, Hezkuntza Sailak eta patronalak ez die beharginen aldarrikapenei erantzunik eman.
Sindikatu horren arabera, ikasle guztiei jantoki zerbitzua "ez eskaintzeko erabakia" hartu dute, eta "ikasturte honetan eta etorkizunean lan-baldintzak eta lanpostuak mantentzeko bermerik ez dago, baita neurri eta protokolo zehatzen falta ere".