Ekonomia -
KORONABIRUSA
Bizkaiko ostalaritzak kalte-ordainak eskatu ditu galerak konpentsatzeko
Batez beste 40.000 eta 150.000 euro bitartean eskatzen ditu bakoitzak. Kaltetuen polizetan oinarrituta egin dituzte eskariak, lortu gabeko irabaziak eta sortutako kalteak estaltzen dituztelako.
EITB MEDIA
Bizkaiko 200 ostalarik, batez beste, 40.000 euroko kalte-ordainak eskatzen dizkiete zazpi aseguru-etxeri, osasun krisiaren ondorioz galdutako diruagatik. Zenbatekoa 150.000 eurora ailegatzen da gaueko aisialdiko lokalen kasuan.
Montero de Cisneros Bilboko abokatu-bulegoak (ostalariak ordezkatzen ditu erreklamazioan) adierazi duenez, eskaera horien oinarria enpresaburuek sinatutako polizak dira, eta pandemiak iraun bitartean ezarritako itxiera administratiboen eta antzeko kontingentzien ondorioz sortutako "lortu gabeko irabaziak" eta "sortzen ari diren kalteak" estaltzen dituzte.
Hala ere, Jose Montero abokatu-bulegoko zuzendari eta gerenteak azpimarratu du beharrezkoa dela kasu bakoitza "polizaz poliza aztertzea", guztiak ez baitaude erreklamazioak egiteko moduan.
Azaldu duenez, beharrezkoa da lokalek euren jarduerari eustea, izan ere, eskaera horiek "ez dira bideragarriak behin betiko itxi dituzten negozioetarako". Kanpoan geratzen dira, halaber, klausula hori ez duten poliza sinpleak.
Lehen errekerimenduak martxan daude, eta kasu gehienak epaitegietan amaituko direla aurreikusi du Monterok. Adierazitakoaren arabera, akordioa lortu nahian ari diren aseguru-etxe batzuk izan ezik, "gehienak euren erantzukizuna ukatzen ari dira".
Horren hitzetan, "kasu kopuru handia" jasotzen ari dira, eta, beraz, "pazientzia" eskatu du, "aldez aurreko hautaketa" egin behar delako erreklamazio bakoitzaren bideragarritasuna zehazteko.
Gogorarazi duenez, Gironako Probintzia Auzitegiak otsailaren 3an emandako epaian, aseguru-etxe batek 6.000 euroko kalte-ordaina eman behar izan zion pizzeria bati, covid-19agatik Administrazioak aginduta itxi behar izan zutelako. Epai hori aurrekaririk berriena da ostalaritza-sektorearen erreklamazioei dagokienez, eta argi erakusten du "oinarri sendoa" dagoela kasu horien gehiengoa oinarritzeko. Epaiaren arabera, polizak ez zuen pandemia baztertzen.