Ekonomia -

LAN GATAZKA

Bi asteko greba deitu dute Gasteizko CIE Mecauton

2020 milioiak irabaziz amaitu eta gero, enpresak negoziaketan aurkeztu duen eskaintza onartezina dela dio ELAk.

Mecautoren planta, Gazteizen. Argazkia: Cie Automotive
Mecautoren planta, Gazteizen.
Mecautoren planta, Gazteizen. Argazkia: Cie Automotive

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak bi asteko greba deitu du, apirilaren 12tik apirilaren 23ra, Gasteizko CIE Mecauto enpresan, lan hitzarmenaren negoziaketaren alde. Jundizko poligonoan kokaturiko enpresak 90 langile ditu eta CIE Automotive euskal multinazionalaren parte da.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, ELAk jakinarazi du konpainiak 9.942 milioi euro ingresatu zituela 2020an, 195 milioi irabaziz, "EAEn 118 milioi baino gehiagoko irabaziak izan zituenean eta zergetan %5,4a bakarrik ordaindu zuen".

Negoziazioak iazko urtarrilean hasi zirela azaldu du baina gelditu egin zirela covid-19aren osasun-krisia dela eta. ERTE bat ere egin zen egoeragatik.

Negoziazioei berrekin ondoren, ELAk "Mecautoko langileek sortutako aberastasuna banatzeko proposamen bat egin genuen: peoi kategoria soldata duin batera igotzea, kategorietako eskala bikoitza kentzea eta barne-sustapen justua izatea, ABLEen abusua mugatzea, txandakako urtego egutegi bat sortzea, partida-txanda lan -erregimena sortzea, lizentziak eta baimenak gaur egunera aktualizatzea eta enpresak izandako irabazien arabera soldatak igotzea".

Sindikatuak salatu duenez, enpresak 6 urteko hitzarmen bat proposatzen du, eta proposamen horretan, batezbesteko kategoriara iristeko 20 urte beharko liratekeen barne-sustapeneko sistema proposatzen dute. Soldata igoera "eskasak" direla ere salatu du ELAk eta aldi baterako langileen kopurua plantillaren %25era igotzea nahi duela enpresak, besteak beste.

"ELAtik prest gaude akordio batera iristeko eta gatazka konpontzeko, enpresaren errealitatearekin eta sortutako aberastasunaren banaketarekin bat datorren enpresa-hitzarmen batekin, eskala bikoitzik gabe,  soldata duinetik eta baldintza eguneratuekin. Bestalde, negoziaketetan sindikatuko asesoreari parte ez hartzen uztea salatu nahi dugu,ez duelako gatazkaren konponbidea errazten" amaitu dute oharra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba ELA Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan