Publizitatea
Itxi

2021/04/16

14:29

Ekonomia

Lan gatazka

Tapiak azaldu du gasaren eta petrolioaren krisiak Tubacexen egoeran eragin duela

EITB Media | Agentziak

Eusko Legebiltzarrean adierazi du egoera "dramatikoa" dela eta Jaurlaritzak hasieratik egin dituela bitartekari lanak.

  • Arantxa Tapia Eusko Legebiltzarrean

    Arantxa Tapia Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak azaldu du Tubacexen gainbehera pandemiarekin lotuta egoteaz gain, petrolioaren eta gasaren sektorearen krisiak ere zuzenean eragin diola. Izan ere, erregaien merkatua etengabe aldatzen ari da eta dibertsifikatu egin behar da.

Tapiak EH Bilduren Tubacexeri buruzko galderari erantzun dio Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, enpresako langileak Ganbararen aurrean kontzentratuta zeuden bitartean.

1:31

65 egun daramatzate greban lantegi arabarreko beharginek, enpresak ezarritako EEEaren kontra borrokan. Iragarritakoa betez gero, 124 lanpostu desagertuko dira fabriketan: ostegunean gauzatu diren 95 kaleratze, 22 kaleratze hitzartu eta 12 aurretiko erretiro.

Tapiak berretsi du Eusko Jaurlaritzak "hasieratik" egin dituela bitartekari lanak enpresaren eta langileen ordezkarien artean. "Egoera dramatikoak dira eta ez dugu egoera justifikatu nahi inondik inora. Alde bien arteko adostasuna bilatzeko deia egin dugu", azaldu du.

Sailburuak gaineratu du gasaren eta petrolioaren sektoreen krisia (Tubacexek sektore horietan erabiltzeko hodiak fabrikatzen ditu) ez dela soilik koronabirusaren pandemiak eragindakoa, baizik eta "berreskuraezinak diren bestelako jokabide batzuen" emaitza. Hala, erregaien esparruan dibertsifikazioa eta "etorkizunerako saltoa" bilatzea ezinbestekoa dela uste du Tapiak.

Enpresa batzordearen erantzuna

Sailburuaren erantzuna entzun ostean, Eduardo Ibernia Tubacexeko enpresa batzordeko presidenteak esan du Eusko Jaurlaritzak egindakoa ez dela nahikoa izan eta lanpostu guztien defentsaren aldeko konpromisoa agertzeko eskatu du.

Iberniak gogorarazi du gaurkoa "egun tristea" dela, lantegi arabarretako 95 kaleratzeen osteko lehen eguna baita. Hala ere, borrokak aurrera egin ahala plantilla osoak lana berreskuratzea lortuko dutela uste du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena