Publizitatea
Itxi

2021/04/24

13:16

Ekonomia

Protesta

Ertzaintzak bost atxilotuei emandako tratu "iraingarria" salatu du SOS Ostalaritzak

EiTB Media | Agentziak

Elkartearen hitzetan, atxilotutako emakume bat prakarik gabe egotera behartu zuten ertzain-etxean, eta fitxa poliziala "kulerotan" bete behar izan zuen.

  • Gipuzkoako Aldundiaren egoitza aurrean protesta egin du SOS Ostalaritzak.

    Gipuzkoako Aldundiaren egoitza aurrean protesta egin du SOS Ostalaritzak. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ertzaintzak ostiralean atxilotutako bost kideei emaniko tratu "iraingarria" salatu du SOS Ostalaritzak. Horietako bat prakarik gabe egotera behartu zuten ertzain-etxean, eta fitxa poliziala "kulerotan" bete behar izan zuen, azaldu dutenez.

Gipuzkoako Aldundiaren aurrean protesta egin du SOS Ostalaritzak larunbat honetan. Ostiralean bost pertsona atxilotu zituzten toki berean, sektorearen egoera salatzeko Foru Aldundiaren jauregiaren ateetan kateatu ondoren.

Bost atxilotuen burua inguratzen zuen katea zizaila batekin moztu zuten ertzainek, eta jauregian sartu zituzten.

Garazi Otegi eta Loren Roca plataformako kideek ohar bat irakurri dute. Ostiraleko protesta "sinbolikoa eta baketsua" izan zela azaldu dute, nahiz eta atxilotuei "desordena publikoak" egotzi. "Eskuburdinak" jarri eta ertzain-etxera eraman zituzten, erantsi dutenez. "Guztiz biluztera behartu zituzten, baita azpiko arropak kentzera ere", kritikatu dutenez.

"Guztiz biluztera behartu zituzten, baita azpiko arropak kentzera ere"

Konkretuki, Elena Guineak pairatutako "tratu iraingarria" azpimarratu dute ordezkariek. Haren galtzek lokarriak zituztenez, ertzainek kendu behar zizkiotela esan zioten, protokoloak hala aurreikusten zuelako, gaineratu dutenez. "Ziegan zein polizia-etxean ibiltzerakoan, hatz-markak hartzeko edo galdekatzeko", "kulerotan" egon zen, salatu dute.

"Bost ordu" eman zituen horrela ertzain-etxean, Guineak azaldu duenez. Are gehiago, "komunera joateko ere aurrean ertzain bat nuen", esan du.

SOS Ostalaritza salaketa aurkezteko aukera aztertzen ari dela adierazi du Guineak. "Epaiketa heltzen denean inolako zigorrik ez ezartzea" eskatu du, "zentzugabekeria" izan delako.

Atxiloketak "onartezinak" direla uste du SOS Ostalaritzak, "jarrera bortitzik ez zutelako izan" ostiraleko elkarretaratzean. Sektorea sufritzen ari den "itolarrian arreta jarri" nahi izan zutela nabarmendu dute.

Elena Guinea, Garazi Otegi eta Loren Roca SOS Ostalaritzako ordezkariak. Argazkia: EFE

Kateatzeko ekintzari dagokionez, ertzainei "bost minutuko" kontua izango zela esan zietela ziurtatu dute: "Giltzak eman genizkien katea askatzeko".

Kateatuek "Aldundiko zaindarien bultzakadak jaso zituzten", gogorarazi dutenez.

Jokabide horiekin ostalaritza kolektiboaren "indarkeria irudi bat bilatu" nahi izan ote duten galdetu du elkarteak. "Demonizatu nahi gaituzte", adierazi dute.

"Egunero aforo- eta ordutegi-murrizketak jasaten ari gara, eta orain atxiloketak eta umiliazioak pairatu behar ditugu. Guk lan egin nahi dugu: hori da gure delitua", nabarmendu dute.

SOS Ostalaritzak Gipuzkoako udaletxeen aurrean elkarretaratzeak deitu ditu gaurko, 20:30ean, egoera salatzeko.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena