Gizartea -
Protesta Gipuzkoan
SOS Ostalaritzako bost kide atxilotu dituzte Donostian, protesta batean
Plataformako hainbat kide foru jauregiko atera kateatu dira, eta Ertzaintzak atxilotu ditu. Tentsio uneak izan dira, eta agenteek kargak egin dituzte manifestariak sakabanatzeko.
E. G. | EITB MEDIA
Ertzaintzak SOS Ostalaritzako bost kide atxilotu ditu gaur Donostian (Gipuzkoa), covid-19aren hedapena geldiarazteko sektore honetan ezarritako murrizketen kontrako protesta batean. Plataformako hainbat kide foru jauregiaren atera kateatu dira, eta horiek dira, hain justu, atxilo hartutakoak.
Plataformak deituta, ehun bat lagun bildu dira Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Zenbaitek kateak jarri dituzte lepoaren inguruan, eta jauregiko atera lotu dituzte. Ertzaintzaren agenteek kateak zizaila batekin ebaki eta bost kideak atxilotu dituzte (foru jauregiaren barrualdera eraman dituzte aurrena).
Atxiloketen unean tentsioak gora egin du, eta Ertzaintza manifestariei oldartu zaie. Agenteek hainbat karga egin dituzte plataformako kideak sakabanatzeko eta Gipuzkoa Plazako arkupeetatik ateratzeko. Handik kanpo jarraitu dute protesta ostalariek, "Itxitako taberna, suntsitutako taberna" edo "Ez gaituzue gosez hilko" leloak oihukatuta.
Tentsio uneak berriro errepikatu dira bost atxilotutakoak (lau, eraikinaren alde batetik atera dituzte) foru jauregitik atera dituztenean. Polizia etxera eraman dituzte bostak.
EAJren egoitza "zigilatu" dute Bilbon
Bilbon, Bizkaiko Tabernariak (SOS Ostalaritzaren baitakoa) plataformak zigilu sinbolikoa jarri dio EAJk duen egoitzari, Sabin Etxeari, sektoreari ezarritako murrizketen kontra protesta egiteko eta "gastuei aurre egiteko laguntza falta eta terrazarik ez duten tabernek alternatibarik ez izatea" salatzeko.
Zigiluaz gain, mahaiak eta aulkiak jarri dituzte Sabin Etxearen aurrean, eta taberna bateko terrazan egongo balira bezala jokatu dute, ostalaritzaren aldeko oihuak egiten zituzten bitartean.
Ertzaintzak hainbat kide identifikatu ditu, eta manifestariek egoitza jeltzalearen inguruan jarritakoak kendu dituzte.
Plataformako bozeramaileetako batek azaldu duenez, Sabin Etxearen "okupazio sinbolo" horrekin salatu nahi izan dute EAJ dela euren sektoreari "murrizketa gehien" jartzen ari den alderdia. Kritikatu du Bizi Berri III plana ez dela betetzen ari "herri asko ez dituztelako kutsatze kopuru handiak eta ez dietelako 21:00ak arte irekitzen uzten, planak hala jasota badu ere". Bizkaiko Tabernarien ustez, plan hori "interesatzen zaionean bakarrik" betetzen du Jaurlaritzak.
"Salatu nahi dugu Sabin Etxeak bere terraza handitu duela, baina beste auzo eta herri batzuetako ostalariek ezin dute euren establezimendua zabaldu terrazarik ez dutelako, baina euren kontuak ordaintzen jarraitu behar dute, laguntza minimo batzuekin", adierazi dute.
Azkenik, LABIri eskatu diote "beste murrizketa batzuk" proposatzeko, eta "ostalaritza goizetik gauera itxita egon ez dadin 'b plan' bat bilatzeko"