Ekonomia -
Energia
Araban hiru parke eoliko eraikitzea eragozteko 97 alegazio aurkeztu ditu Podemosek
Labraza (Oion), Arkamo (Barrundia) eta Iturrietako (Agurain) instalazioei txosten negatiboa ematea eskatu dio koalizio moreak Trantsizio Ekologiko Ministerioari.
EiTB Media | Agentziak
Podemos Ahal Duguk ia 100 alegazio aurkeztu ditu, Eusko Jaurlaritzak Araban eraikitzeko asmoa duen hiru parke eolikoak geldiaraztea eskatzeko, naturagune babestuetan kokatzen direlako.
Alegazioak Espainiako Gobernuak Araban duen Azpiordezkaritzaren Industria eta Energia arloan aurkeztu dituzte ostiral honetan. Besteak beste, David Rodriguez Elkarrekin Arabako batzarkidea, Araceli Fuente Arabako Podemosen bozeramailea eta Gustavo Angulo legebiltzarkidea bertan izan dira.
“Proiektuaren txosten informatiboa ez onartzea” eskatu dio koalizio moreak Trantsizio Ekologiko Ministerioari, ezta interes orokorrekoa aitortzea ere. Era berean, Labraza (Oion), Arkamo (Barrundia) eta Iturrietako (Agurain) energia eoliko instalazio berriei txosten negatiboa ematea eskatu dio koalizioak Ministerioari.
Rodriguezek ohartarazi duenez, mendilerroak eta eskualdeak “zigortuko” dituzte, paisaian, bioaniztasunean eta pertsonen bizitzan “ondorio larriak” izango dituelako; izan ere, naturgune, eremu babestu eta landa lursail handiak okupatuko dituzte.
Podemosek parke eolikoak “geldiaraztea” eskatu du, Diputatuen Kongresuak onartu berri duen Klima Aldaketa Legera egokitzeko. Aurrena eremuak banatu behar dira, “energia instalazio berriek bioaniztasunean eta ingurumenean ondorio larririk izango ez dutela bermatzeko”, erantsi duenez.
Gainera, Euskadin parke eolikoak arautzeko “Sektore Lurralde Egitasmorik indarrean” ez dagoela gogorarazi du Rodriguezek. Arabako Batzar Nagusiek aho batez onartutako Mugarri Planak “esklusio zonaldeak” bezala aitortzen ditu, Eusko Jaurlaritzak parke eoliko berriak eraiki nahi dituen tokiak, azpimarratu duenez.
Besteak beste, proiektuek eskualdeko biztanleen bizitza, hegazti, mendiaren industrializazioa eta flora zein bioaniztasun naturalean ondorioak izan ditzaketela nabarmendu du Podemosek alegazioetan. Azkenik, Klima Aldaketaren Legeko printzipioak “behin eta berriro urratzen” dituztela